Papelezko harribitxiak, Bilboko Ondare Aretoan
2018-11-13 10:23 KultureaAntxinako liburuak, pergaminoak eta ilustrazinoak ikusi leitekez, zezeilaren 16ra arte.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegiak antolatutako erakusketan, denporan zeharreko bidaiea egin ahal izango dabe bisitariek Ondare Aretoan (Maria Diaz Harokoa kalea, 11), aspaldiko agirien bidez. Historia esanguratsua daben dokumentuak batu ditue, Bizkaiko lehenengo testuetatik hasi eta kopia digitaletaraino.
Itzaleko ondarea. Ondarea papelean izeneko erakusketan, harribitxi ugari dagoz: Euskal Herrian inprimidutako lehenengo liburua (1500ekoa), XIII. mendeko pergaminoak, euskerazko berbak dakarzan obra inprimidu zaharrena (1533koa), mundu osoko lehen atlasa (1588), Kixote-ren lehen zatiaren printze-edizinoa (1605), Bilboko lehenengo egunkaria (XIX. mendea) eta abar.
Erakusketako piezak aukeratzeko, kontuan hartu dira piezok daben informazino historikoa eta ia ezezagunak diran papelezko ondarearen alderdi batzuk, esaterako: papel edo tinta klaseak, tipografiak, azaleztatzea, kaligrafia, eta liburu, aldizkari eta dokumentuetako lerro artean erdi izkutaturik agiri diran ilustrazinoak.
Erakusketea osotzeko, Euskal Museotik eta Arkeologia Museotik ekarritako piezak ipini ditue, antxinako hilarriak eta idazte-euskarriak batez be. Ganera, ikus-entzunezko baliabideei esker, ingurumen dimamikoa emon deutsie erakusketeari.
2018a Kultura Ondarearen Europako urtea danez, ekimen horren baloreakaz bat egiten dau Ondare Aretoko erakusketeak. Jente askok ezagutzen ez dauen ondarea bistaratzeko eta berau jagotearen garrantziaz ohartarazoteko asmoz atondu dabe erakusketea, danon ondarea dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!