Zinemea, berbaldiak eta gastronomia, Galerna jaialdian

Bizkaie! 2018-11-12 13:48   Kulturea

Bela bidezko nabigazinoaren inguruko hitzorduak Bermeo hartuko dau asteburuan.

Arrantzaleen Museoan aurkeztu ditue ekitaldiak (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldiz antolatu dabe Bermeon Galerna Zine Festibala, hilaren 16tik 18ra. Udalak, Galerna Taldeak eta Serrats enpreseak antolatu dabe egitaraua. Ekitaldiak Kofradia Zaharrean izango dira, doban.

Honeek egon dira Galerna jaialdiaren aurkezpenean: Irune Ormaetxea Turismo zinegotzia; eta Unai Bilbao, Gotzon Zabala eta Nere Azkarate Galerna alkartekoak. Unai Bilbaok azpimarratu dauenez, Galerna taldeak festibal honegaz belearen mundua Bermeon eta inguruetan zabaldu nahi dau, herritarrei hurreratu, beleari buruzko istorio eta abenturak ezagutarazo.

Festibala barikuan hasiko da, 19:00etan: En solitaire filma proiektauko dabe. Pelikula horretan, Yann nabigatzaileak bere bizitzako amesa beteten dau, Vendee Globe lasterketan. Baina gauzak aldatzen dira belaontzian polizoi bat agertzen danean. Proiekzinoaren ostean, Martinica-Azores-Bermio berbaldi laburra entzuteko aukerea izango dabe bertaratutakoek.

Zapatuan, hainbat jarduera egongo dira. 19:00etan Bernard Moitissier nabigatzailearen Viaje al límite del mar film laburra emongo dabe, eta, ondoren, Hiru urte belaontzi batean: bizipena… berbaldia egongo da. Horrezaz gan, The weekend sailor film luzea proiektauko dabe. 1973. urtean Erresuma Batuan belaontziek munduari birea emoteko lehenengo estropadea zelan antolatu zan ikusten da. Pronostikoen kontra, estropada horretan familia mexikar batek parte hartzen dau, baita irabazi be.

Domekan, 12:00etan Itsasgizon historikoak berbaldia atondu dabe. Ondoren, Baskavígin, La matanza de los balleneros vascos dokumentala proiektauko dabe, Islandian euskal arrantzaleen kontra egindako sarraskirik handienaren barri emoteko. 1615ean izan zan hori. Galerna jaialdia ondo baino hobeto amaitzeko, Serrats konserba enpresearen produktuen dastaketea egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu