'Ezpainetakoa' album ilustratua plazaratu dabe Labakak eta Amenabarrek
2018-11-12 11:58 KultureaTxakur Gorria sormen kolektiboko kide dira Labaka eta Amenabar.
XII. Peru Abarka Lehiaketearen idazlan irabazlea Ane Labakak idatzi eban eta ilustrazinoak, barriz, Malen Amenabar bizkaitarrak; bai idatzian eta bai ilustrazinoan, erotismoz osotutako narrazino ederra lortu dau bikoteak.
Markina-Xemeingo Udalak eta Erein Argitaletxeak antolatzen daben XII. Peru Abarka lehiaketan, narrazinorik onenaren atala irabazi eban igaz Labakak. Ondoren, testuko marrazkiak nork egin erabagiteko lehiaketea deitu eta Amenabarren proposamena hobetsi eban epaimahaiak.
Idazlan irabazleak hasieran dakarrenez, Arkatz gorriarekin ezpain haragitsuak perfilatzen nenbilen ni, akrobazietan galduta bera, bere larruazalak komun likits harekin izan zezakeen kontakturik minimoena ere ekidin nahian.
Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992)
Bertsolaria da. Euskal Ikasketetako Gradua amaitu eban 2016an Gasteizen. Egun, euskera irakasle, itzultzaile, hezitzaile eta bertso-eskolako irakasle dabil. Lasarte-Oriako bertso-eskolako eta Donostiako Dokako bertso-eskolako partaidea da, Txakur Gorria sormen kolektiboko partaidea izateaz gan.
Malen Amenabar Larrañaga (1994, Larrabetzu)
Bertsolaria da. Arte ederretan graduatua Euskal Herriko Unibersidadean. Halan da be, herri mobimentuetan lanean hasi zanean jaubetu zan jorratu nahi eban bidea zein zan. Ordutik ilustrazinoa, kartelgintzea eta animazinoa lantzen ditu, proiektu indibidual zein kolektiboen bidez, besteak beste, Txakur Gorria sormen kolektiboaren sortzailea eta partaidea da gaur egun.
Horrezaz gan, arte plastikoaz gan, beste sormen diziplina batzuk be lantzen ditu, berbarako, bertsolaritzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!