Juan Luis Goenaga margolariari buruzko liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2018-11-12 08:00   Kulturea

Mikel Lertxundik idatzi dau liburua eta Nerea argitaletxeak argitaratu.

Juan Luis Goenaga eta Mikel Lertxundi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Petronor-ek, 50. urteurreneko ekimenen barruan, Goenaga izenburuko liburua argitaratu dau Juan Luis Goenaga margolariaren bizitza eta lana gainbegiratzeko. Kulturearen eta artearen arloko lanen argitalpenean esperientzia luzea dauen Nerea Argitaletxea arduratu da liburua editau eta plazaratzeaz.

Mikel Lertxundi arte-historialariak idatzitako liburua euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz argitaratu dabe. Ganera, liburuak Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria dan Miguel Zugaza museografo ospetsuaren hitzaurrea dakar.

Liburu honen argitalpenak Petronorrek artea eta kulturearen bultzadan dauen konpromisoa bistan itxi dau; konpromiso horri lotuta, beste horrenbeste lan argitaratu ditu: Muñatones-Punta Lucero, Gure hegaztiak, Itxaskaria, Arrantzaria, Marcelo Gangoiti y Urrutia, San Martín de Muñatones, el Castillo, el Palacio, la Ermita eta Nudibranquios de la Costa Vasca liburuak, besteak beste. Era berean, igaz, Lazkano izenburuko liburuaren argitalpena babestu eban. Bergarako margolari errealistearen omenezko liburu hau Nerea Argitaletxeak plazaratu eban. 2017an, barriz, 100.000 bisita baino gehiago izan zituan Koplowich bildumearen erakusketea babestu eban Bilboko Arte Eder Museoan.


Juan Luis Goenaga

Goenaga 70eko hamarkadan nabarmendu zan eta euskal pinturako izenik handienetakoa bihurtu da gaur egun. Haren lanak euskal orografian eta kliman inspirauta dagoz, sorterriagaz sentiduten dauen atxikimendu sakona islatuz.

Haren estilo espresionista eta materikoak labar-pinturearen eta euskal paisajearen eta mitologiaren inguruko gai etnografikoak lantzen ditu; horreetara distira gorri, berde eta hori biziakaz buztartutako tonalidade ilunen laguntzaz.

Jardunean egindako ibilbide luzean, margolaria bikoteen munduaz eta biluztasunaz be interesau da, gai horreen inguruko serieak eta erakusketak landu ditualarik.

Juan Luis Goenagaren obrea erreferentzien amalgama baten ondorioa da; paisajeagazko lotura zuzena, kokalekuetan eta horreetako historia, irakurketa zientifikoak eta literarioak, bizipen personalak eta ondare kultural eta artistikoa dira, besteak beste, erreferentziak.

Buru-argitasun eta interes jarraitu hori izan arren, Goenagak ez dau ikasketa aldagatxa egin, kapaz izan da, bide desbardinak aztertu eta, batzuetan, baita bere burua guzurtatzeko be; kapaz izan da beste hainbat gauza txandakatzeko: monokromia eta kolorearenganako gogoberotasuna, Alkizan gordean bizitea eta mundua arnasteko preminea, eta naturalismoa, informalismoa eta berari guztiaren gainetik nagusitzen jakon muin espresionistea. Halan da guztiz be, ahots bere-bereaz egin dau berba beti, eta, noizbait garaiakazko atxikimendua sentidu izan badau be, jokeretatik urrun euki dau Goenagak bere ahotsa. Azken batean, bere buruarentzat pintetan dau. Adierazo nahi bati baino, autokontzientziazko konpromiso bati erantzuten deutso Goenagaren obreak, bere pertzepzinoa kezkatzen dauen guztiaz hutsitzeko premineari. Pinturea bere izatetik ezin bereiz daitekeen errealidade bat da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu