12. Erlea eta azkena aurkeztu barri dabe

Bizkaie! 2018-11-12 08:36   Kulturea

XXI. mende hasierako euskal sorkuntzearen lagin garrantzitsua da Erlea.

Bernardo Atxaga eta Ander Urrutia | Ikusi handiago | Argazki originala



Egunotan, Erlea aldizkari literarioaren hamabigarren zenbakia aurkeztu dau Euskaltzaindiak, bere Bilboko egoitzan. Azkena izango dan zenbaki honek Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruz jarduten dau, gehienbat; euskal akademiaren ehun urteko historian garrantzitsuak izandako jazoerak eta personaiak erakusten dira, hurretik eta, tarteka, modu harrigarrian. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu dau hain ezagunak ez diran pasadizoak eta jazoerak azaltzen dirala aldizkarian, eta irakurleak Euskaltzaindiaren barruak ezagutzeko aukerea izango dauela. Ehun urtetan protagonista izan diranen profil sakonak, tarte horretan izandako hainbat kontu eta jazoera, argazki ezezagun eta harrigarriak... Badago zer irakurri.

2009an abiatutako proiektua zarratzen dau hamabigarren zenbakiak, eta Urrutiak azken ia hamar urteotan eginiko ahalegina nabarmendu nahi izan dau prentsaurrekoan: Hasiera-hasieratik, gure asmoa izan zan Erlea euskal kulturako erreferenteetako bat bihurtzea, eta esango neuke lortu dogula, Bernardo, Asun Garikano, Txema Aranaz eta Pamielaren laguntzinoagaz, bestelako kolaboratzaile guztiak ahaztu barik. Izugarrizko lana egin dozue.

2009an, estreinako zenbakia kaleratu ebenean, Bernardo Atxagak agindu eban aldizkari profesionala izango zala Erlea, zenbaki bakotxak atmosfera jakin bat izango ebala, eta aldizkari guztiek jarraitu izan dabe eredu edo lerroburu hori. Tamalez, sortzaile batzuk kanpoan geratu dira, baina XXI. mende hasierako euskal sorkuntzearen lagin garrantzitsua da Erlea, esan dau Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariko zuzendariak.

Erlea aldizkariaren ibilbidea amaitu da, baina leitekeana da etorkizunean bestelako jarraipenik izatea, Atxagak berak aurreratu dauenez: Aurrerantzean, asmoa litzateke Erlearen antologia berezi batzuk argitaratzea. Bat egina daukat. Hori bai, gizarteak inplikau beharko litzateke horretan, antologia horreek ez baititut plazaratuko tartean eskaera jakin eta serio bat ez badago.


Erlea 12

Hamabigarren zenbakiaren gai nagusia Euskaltzaindiaren mendeurrena da. Euskal akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan diran jazoerak jorratu ditue, aldizkariaren ohiko atalakazbatera. Azala Jose Antonio Azpilikuetak egin dau.

Besteak beste, hasierako euskaltzainen profilak aletzen dira; gordetako testu batzuk agertu -ETAk euskereari buruz, 1962an-; argazki barriak erakutsi -Gabriel Arestirenak, esaterako-; Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko barriketaldi mamitsu bat proponiduten da -Miel A. Elustondok egina-; Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak erakusten dira; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; liburu iruzkin mamitsuak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak; Txema Larreari eginiko gorazarrea...


Erlearen zifrak

12 zenbaki
9 urte
1.296 orrialde
376 artikulu
30 artista
Berrehundik gora egile...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu