Martin Abrisketa bilbotarrak 'El pais escondido' aurkeztuko dau zemendiaren 13an
2018-11-09 12:49 KultureaAbrisketaren bigarren eleberri honetan, umeen begiradearen fantasian sakontzen dau.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak, Martin Abrisketa idazlearen El país escondido (Planeta) azken eleberriaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau datorren martitzenean. 80ko hamarkadako Bilbori emondako begiradea eskaintzen dau, indarkeriaren, krisiaren zein droga munduarena, neskato baten begietatik.
Gerra Zibilak eragindako hondamendien ikuspegia mutiko baten begietatik erakusten dauen La lengua de los secretos lehenengo eleberriaren erantzun bikainaren ostean, idazle bilbotarrak El país escondido argitaratu dau orain. Protagonistea neskato bat da, Maggie. Umezurztegian bizitako maitasun falteak eragindako arazo psikologikoa dauen benetako neskato batean dago oinarrituta. Maggie, bere munduan bizi dan neskato lotsatia da, beste gauza batzuen artean, bere errotuladore magikoakaz marrazten dauen guztia errealidade bilakatzen dala sinistarazoten eroaten gaituan fantasia ikaragarriak babestuta. Haren bizimodua tristea da, amak bertan behera itxi ebalako jaiobarria zanean, eta aititagaz hazi eta beragaz zoriontsu sentiduten da bere gazteluan, oso etxe txikian.
Baina aitita nor dan ahazten doa, zahartzaroko dementzia dauelako, eta Udaleko gizarte laguntzaileek banandu egin gura ditue, bakotxa zentro batera bialduz. Maggiek ezin dau onartu, aitita da daukan guztia, eta amaren bila joatea erabagiko dau, ama baita aitita eta bera banantzeari aurre egin leikion bakarra. Holan, berunezko Bilbo haren kaleetan sartuko da, ama topetako gogoz. Beragaz aitita joango da, barrikadez betetako uriko gune ilunetan egiten dabizen bilaketa horregaz abentura bikaina biziteko.
Martín Abrisketaren eleberria koloretako irudiz beteta dago. Maggiek, bere errotuladore magikoakaz errealidade bilakatu gura dituan amesak dira. Kolorez betetako marrazkiak Isabel Holguerasek egin ditu, neskatoa bezela, marraztuz berben bitartez baino hobeto komuniketan dan eta Down sindromea dauen emakumeak. La lengua de los secretos Abrisketaren lehenengo eleberria irakurri ondoren, Isabelen ahizteak gutun bat idatzi eutson idazleari, bere liburua irakurtean sentidutakoa adierazoz. Gutunean, Isabelek marraztutako tximeleta ezin politagoaren marrazkia be baegoan. Gutun eta tximeleta horreek izan ziran sensibilidadez eta desbardintasunez berba egiten dauen lanaren pizgarria.
Martín Abrisketa (Bilbo, 1967)
Kazetaria, gidoilaria eta barriemoile grafikoa da. 2015ean literaturan sartu zan, La lengua de los secretos liburua idatzita; eleberri horrek, Espainiako Gerra Zibila olgetea balitz legez bizi izan eban ume bihurri baten, idazlearen aitaren, abenturak dakarz. Salmentatan izandako erantzun onaz gan, kritikarien goraipamena be jaso eban.
El país escondido bigarren eleberri honetan, egileak umeen begirada horren fantasian sakontzen dau, oraingo honetan Euskadik bizi izan eban indarkeria terroristaren urte gogorrenetan finkatuz.
Topaketea Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, 19:30ean; sartzea doban da aretoko leku guztiak bete arte. Ekitaldia streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!