'Dohaintzak. 2013-2018. Museoa eregiz' erakusketea zabaldu dabe Bilbon

Bizkaie! 2018-11-08 13:03   Kulturea

Erakusketea zemendiaren 8tik 2019ko zezeilaren 24ra arte gozau ahal izango da Euskal Museoan.



Bilboko Euskal Museoan gaur ateak zabaldu dituan erakusketa honek balio historiko eta artistiko oso handia dauen lan bikaina aztertzeko aukerea emongo deusku: Elexabarriko Triptiko bikaina.

Aurkezpenean, desagertuta dagoan San Juan ante Porta Latina baseleizan jatorria dauen pieza hori (1597) daukan kutxea egongo da, eta bere irudiak hartzeko aukerea dago.

Horrezaz gan, erakusketa barri hau partikularrek eta erakundeek Bizkaiko instituzinoari emondako pieza baliotsuz osotuta dago, orain arte ikusezinak ziranak herritarrentzat. Holan, bada, erakusketearen arlo nagusiak XIX-XX. mendeetan zehar euskal gizartean eta, batez be, Bizkaiko gizartean iraultza industrialak sorturiko aldaketak dira, eta gela bitan dago ikusgai.


Elexabarriko San Juaneko Triptikoa

Museoak triptiko koloreanitz bat jasoeban dohaintzan. Desagertutako San Juan ante Porta Latina ermitan eban jatorria, Basurtuko Elexabarri auzoko Abandoko antxinako Eleizatean dagoana.

Erdiko taulak Gurutziltzaketea ordezkatzen dau, eta albokoek, 1597. urtekoek, Pedro de Novia y Castillo eta Marina Usso de Uribarriren erretratuak, 1551an ezkonduak eta Vínculo y Mayorazgo de Novia-ren sortzaileak, Lope García de Meñaca eskribauaren aurrean Bilbon 1590eko maiatzaren 29an emondako eskriturearen arabera.

Noviatarren leinuak ermiteagaz lotzen zan Noviatarren Torrean ditu sustraiak. Torrea XVII. mendean desagertu zan, eta ermitea 1944. urtera arte egon zan zutunik. XVIII. mendean, jatorrizko torrea desagertu ondoren, familiak jauregitxu bat eregi eban.

Nahiz eta bere orubea Basurtun euki, maiorazkoaren sortzailea, erretratautako Pedro de Novia y Castillo, Bilbora joan zan biziten, Barrenkale Barrena kalera, Erriberagaz txokoa egiten egon familiaren torretxera (I. Karlisten Gerran erretakoa), eta horrek bilbotar bizitza politikoan modu aktiboan parte hartzeko aukerea emon eutson: 1577an uribilduko Alkate izan zan, 1583.ean Errejidore, behin baino gehiagotan Kontsulatuaren magistratu, 1565, 1569, 1571, 1575 eta 1592.ean Diputadu, eta 1572 eta 1594an Fidel.

1621. urtean haren bilobetako bat, Ana María de Novia y Avendaño, Juan de Salzedo Aranguren y Achuriagarekin ezkondu zan, Novia de Salcedo leinua sortuz. Bilboko eta Bizkaiko bizitza eta historiako persona esanguratsu ugari leinu horretako kide izan ziran, besteak beste, Pedro de Novia de Salcedo y Castaños nabarmendu geinke.


Ganerako piezak

Elexabarriko Triptikoagaz batera, erakusketeak erlijinoari erreferentzia egiten deutsiezan bordatuak lako pieza bereziak erakustiko ditu, eskola-edadeko neskek egindakoak; horreek XIX. mendeko bigarren erdialdekoak dira. Ezkonbarriaren jantziak, abanikoak eta eguzkitakoak, hogeita hamarreko hamarkadako jaietarako soinekoak, familien argazki bildumak, linterna magiko bat, edo Horacio Echevarrieta Maruri enpresari eta politikariaren bustoa, 1921.ean Valentín Dueñasek moldeauta, Mir y Ferrero tailerretan.

Aukeratutako piezen bildumaz 2018ko zemendiaren 8tik 2019ko zezeilaren 24ra arte gozau ahal izango da Euskal Museoan.

Ekitaldian Euskal Museoaren presidente eta Euskera eta Kulturako foru diputadu Lorea Bilbao, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Nekane Alonso eta Euskal Museoaren koordinatzailea Sorkunde Aiarza egon dira. Erakusketea gaur, hilak 8, edegiko da, 19:30ean.


Euskal Museoa

Bilboko Alde Zaharrean dago. Eraikina XVII. mendekoa da eta Eleiza eta Aita Jesuiten Ikastetxea kokatzeko eregi eben, San Andres Ikastetxea izenpean. Ikastetxe hori eta eleizea jesuitek uribilduan eginiko lehenengo fundazinoa da, eta Domingo de Gorgolla Toledoko kardinalaren maiordomoak –bilbotarra berau- holan nahi ebalako eregi eben. Horrezaz ganera, Antonia de Zamudio Martiartu y Guecho andreak, Ochoa de Urquizaren –Sevillako Kontratazinoko kontu-hartzaile eta epailea- alargunak, bere eta senarraren ondasun guztiak laga eutsozan 1630ean. Monumentuok XVII. mendea oso aurreratuta egoanean amaitu ziran, baina, antza, obrarik gehiena 1610etik 1630ra bitartean egin eben. Eleizea albo batera itxita, ikastetxeko bulegoak Klaustroaren inguruan egituratu ziran, ikastetxeetako instalazino moduan erabilteko. Lau hormartek osotutako klaustro hori elementu soila eta urria da. Hormarte horreetatik bi bost tartekoak dira, eta beste biak seikoak; zutabeek eta hiru solairuk sostengautako puntu erdiko arkuak ditu.

Eleiza barrian kokatu ziranean, jesuitek latin eta kristau-ikasbideko lehenengo katedrak sortu zituen ikastetxean; katedra gehiago be sortu zituen, eta 1764-65 ikasturtean, Teologia, Moral, Logikea, Metafisikea, Fisikea, Latin eta Gramatikakoak eskaini ziran.

1767an, Karlos III.aren aginduz kanporatu zituen jesuitak Espainiatik, eta euren ondasunak Koroaren eskura igaro ziran. Erregeak 1769ko aginduz, eta Bilboko Udalak eskatuta, Joan Santuen Parrokia Ikastetxeko eleizara eroatea baimendu zan, eta holan egin zan 1770. urtean. Dana dala, okupazinoa baino lehen, beharrezkoa izan zan Ikastetxeko bulegoetatik bereiztea murruaren bidez, eraikin bien arteko komunikazinoak eteteko eta eleizea klaustro barik geratu zan.

Kontuak kontu, egungo Museoko eraikina eta atzealdeko lurrak eta lorategiak Erruki Etxearen esku egon ziran ehun urtean, eta txiroak, gaixoak, elbarriak eta umezurtzak jagon, babestu eta trebatu zituen bertan.

1872an, Erruki Etxea hutsitukeran, antxinako ikastetxeko eraikin nagusia zenbait erakunde publikotako egoitza bihurtu zan. 1879an Arte eta Lanbide Eskolea sortu eta bertan jarri eben.

Aldi horretan, Arte eta Lanbide Eskolea eta Bizkaiko Probintzi Entzutegia leku berean egon ziran; entzutegi hori 1883an inaugurau eben Bilbon, eta María Muñoz Kaleko behealdea bete eban, baina geroago eraikin osoa okupau eban; bertan izan zituen egoitza eta zerbitzu guztiak, harik eta Abandoko Justizia Jauregi barria eregi arte.

1914an, Bilboko Udalak Klaustroa lagatea baimendu eban lehendik pentsautako Bizkaiko Arkeologi Museoa jarteko. Ordudanik, Museoa San Andres Ikastetxea izandako eraikina berreskuratzen hasi zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu