Soraluzeko Errabal Jazz zigilua Bilboko BBK Jazz zikloan saritua

Bizkaie! 2018-11-06 09:48   Musikea

Musikarientzat ziralakoan sariok eta hara non deitu euskuen esateko aurten Errabal Jazz-en ibilbidea sarituko ebela.

2princesesbarbudes | Ikusi handiago | Argazki originala

BBK JAZZ 2018 Erakustaldiaren bederatzigarren edizinoan ondoko sariak emon dira: Instrumentista Onenaren saria; disko Onenaren saria; bultzada saria; eta Deia sari berezia. Berbarako Bultzada sariak diskografia-produkzino baten finantzaketea izango dau.

Deia sari berezia Errabal Jazz zigiluak irabazi dau: Uste genduan musikarientzat zirala sariok eta hara non deitu euskuen esateko aurten Errabal Jazz zigiluaren ibilbidea sarituko ebela.

Gaztelupeko Hotsak moduan diskoak kaleratzen 1995. urtean hasi ziran baina jazzaren abentura honetan orain 15/16. Aurretik kontzertuak antolatzen genduzan herrian, Gaztetxean eta Gaztelupen. Zaletasuna egon baegoan eta musikariakaz harremanetan hasi ginan, herrira Euskal Herriko eta haragoko musikariak ekarten. Holan, jazza argitaratzen eban etxerik ez egoala konturatuta era naturalean begitandu jaken jazzari emondako zigilua sortzea. Ordutik ehundik gora erreferentzia kaleratu ditue. Gure disko etxea ohitua dago periferiatik lan egiten. Sortu zan urtetan be diskoetxe handiagoetan lekurik ez eben taldeak izan genduzan bidaide.

Izan daiteke uste dauenik jazza eliteagaz lotzen dala, baina gogoratu behar geunke sortze beretik be komunidade afroamerikarraren garrantzia, koloredun gizakiek ekarritako musika-poza, hau da, uriguneko aberastasunetik haragoko jarduna.

Gaur gaurkoz be, ausartzen gara esaten perla interesgarrienak periferiatik datozela eta horreei plazea eskaintzea edo ezagutzera emotea izan da gure egitekoa askotan. Gusto handiz egin doguna, ahalik eta mimo handienagaz eta seguruenik beti asmau barik.

Bilbon jasotako sari hau gure lanari egiten jakon autortzea da... Eta ulertzen dogu sari hau entsegu lokalean notak josten dabizen horreentzako dala, batez be, jazz ordu horreek oparitzen deuskuezan sortzaileentzako, musikarientzako. Gu bidaiakide baino ez gara, baita musika konsumitzaileei eta jazz erosleei be eskainia. Zuek barik gatxa gu hainbeste urteetan bizirik irautea. Eskerrik asko.


Errabal Jazz-ek argitaratutakon disko barria

Enaren kontuak da 2princesesbarbudes-en disko-liburu eta zuzeneko ikuskizun barriaren izenburua. Orain be aurrez katalanez argitaratutako lan baten euskerazko egokitzapena da (Sempre de vacances). Berbak euskerara ekarten Uxue Alberdi idazleak lagundu deutse; ganera, Etxebizitza abestian kantau be egin dau. Gaueko Enziklopedia Kaxkarra aurreko lanean legez Joseba Tapia izan dabe laguntzaile. Zuzeneko aurkezpenetan hasi dira.

Helena Casas musikariak (Pomada, Conxita) eta Marc Marcé soinu teknikarik osotzen dabe proiektu berezi hau, izan be, pilarik bako jostailu-tresnak erabilten ditue pop estetika minimalistako musikea eta poesia letra ederrak dituen abestiak sortzeko. Familia osoari zuzendutako musikea eginez lortzen dau oso gatxa emoten dauena: ha entzuten dagozan bitartean umeak heldu bihurtzea eta helduak ume.

Enarak dira hamaika kantu honeetako protagonistak, eta dokumental ornitologiko baten antzera abestiz abesti azaltzen deuskue, erritmo, melodia eta lelo itsaskorrez lagunduta, baita umoreagaz be, zelan egiten daben habia, zer jaten daben, kumeak zelan hazten dituen, zer janzten daben, nora bidaiatzen, zegaz egiten ames...

Disko barria aurkezteko zuzenekoei jagokenez, hona hemen hitzorduak:

Zemendiaren 23an, Bartzelonako EH Sona jaialdian.

Abenduaren 14an: Errenteriako Niessen aretoan.

Abenduak 15ean: Donostiako Tabakaleran.

Abenduaren 26an, Donostiako Larrotxene kultur etxean.

Abenduaren 29an, Elorrioko Arriolan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu