Euskal arte garaikidearen 50 urteko errepasoa

Dabi Piedra 2018-11-05 13:48   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoak azken mende erdiaren lekuko diran piezak batu ditu.

Vicente Ameztoyren koadroa, 1978koa | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal gizartean eta politikan legez, astindu handia egon zan artean 1960ko hamarkadaren amaieran. Sorkuntzarako moduak eta gizartean daukien zeregina ulertzeko modu barriak agertu ziran. Mugarri horretatik abiatuta atondu dabe 68aren ondoren, euskal arte garaikideari hainbat ikuspegitatik begiratzen deutson erakusketea. Leku egokian ipini dabe, Arte Eder Museoaren eraikin barrian, 1960ko hamarkadearen amaieran eregi ebelako.

Anbizino handiko proiektu honen helburua, Miguel Zugaza museoko zuzendariaren arabera, euskal arteak azken 50 urteotan izan dauen garapena ulertzea da, eragile izan diran artista eta belaunaldien bidez. Hamarkadarik hamarkadako errepaso horretan, euskal artea zelan aldatu dan ikusi leiteke: Batzuetan, gizarteko ardurakaz batera, beste batzuetan era indibidualistagoan.

Zugazagaz batera, Miriam Alzuri eta Begoña Gonzalez dira komisarioak. Arte Eder Museoaren bildumakoak ez eze, beste zentro askok itxitako obrak erabili ditue. Gasteizko Artiumetik eta Madrilgo Reina Sofiatik ekarri ditue asko, Guggenheimeko beste bat be badago, Basileako Kunstmuseumeko beste bat... Erakusketearen bultzatzaile nagusia Petronor enpresea da, 1968an sortua dalako.

Urte esanguratsua izan zan 1968a Euskal Herrian: Gizarte eta politika arloko gorabeherek eta goraldi ekonomikoak bat egin eben, eta artean eragina izan eban horrek. Urte batzuk lehenago barritzen hasi zan euskal artera heldu ziran 1940ko hamarkadan jaiotako belaunaldi barriak. Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida aspaldi ebizan nazinoarteko zirkuituetan, eta zeresana emon eben orduan be. Oteizaren eragina eten bakoa izan da euskal artearen belaunaldi barri guztietan, gaur egunera arte.

Begoña Gonzalez komisarioak azaldu dauenez, 1970eko hamarkadan, arteak, kultureak eta politikeak bat egin eben. Euskal sortzaileak arte figuratibora bueltau ziran. 1980ko urteetan, ostera, proposamen indibidualistagoak heldu ziran. Arte progresista eta edegia zan, Gonzalezen ustez.

1990eko hamarkadatik aurrera, disziplina artistikoen arteko mugak apurtzen hasi ziran, eta bideo-artea indarrez sartu zan euskal sorkuntzan. Ordukoak dira azpiegitura barri asko, Guggenheim Museoa eta Rekalde Aretoa, adibidez. Artelekuren eragina be aitatzekoa da. Azkenik, XXI. mendeko lehenengo hamarkada bietan, belaunaldi gazteak agertu ziran euskal artean, gaur egun egiten dan artearen erakusgarri diranak.

Artista ugariren artelanak ikusi leitekez erakusketa antologiko honetan: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Vicente Amestoy, Agustin Ibarrola, Isabel Baquedano, Esther Ferrer, Cristina Iglesias, Gema Insausti, Erlea Maneros, June Crespo eta abar. Horrezaz gan, hamarkada bakotxeko sormenaren lekukotzea emoten daben hainbat agiri be tartekatu ditue.

Erakusketa nagusiagaz batera, 1968tik gaur egunera arteko euskal sorkuntza musikalaren errepasoa egiten dauen beste bat be ipini dabe. Xabier Erkizia izan da komisarioa. Halako antologia musikal bat egitea uste baino gatxagoa izan dala azaldu dau Erkiziak, musikea ardatz daben kronologiak gitxitan egin izan diralako.

Diskoen azalen bidez azaltzen da soinudun sorkuntzearen garapena. Mugarri izan diran diskoak aukeratu ditu Erkiziak, ez derrigorrez salduenak. Ze diskok edegi ditue ate barriak? Eta zeintzuk zarratu ditue zaharrak?, galdera horreetan oinarritu da aukeratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu