Borja Ortiz de Gondra eta Fernando Bernues, Dantzertiko ikasleakaz lanean
2018-10-31 12:12 KultureaDantzarti 2015ean hasi zan lehenengo urratsak egiten.
Borja Ortiz de Gondra dramaturgoa eta Fernando Bernues eszena-zuzendaria lanean dabiz ikasturte honetan Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolako) Arte Dramatikoko laugarren mailako ikasleakaz. Ikasturte amaieran, eskolako lehen promozinoaren amaiereagaz bat eginez, ikusi ahal izango dan ikuskizuna atonduko dabe alkarregaz, ikasleek eta aitaturiko profesionalek.
Antzezpena izeneko materiaren barruan, berebiziko garrantzia dauka Muntaia tailer praktikoa ikasgaiak Arte Dramatikoko laugarren mailako ikasleentzat; irakasgai honetan ikasleek eszenaratze prozesu oso bat egin beharko dabe, ikastetxeko irakasle talde batek koordinauta, eta zuzendari eta dramaturgo ospetsu batzuen zuzendaritzapean.
Joandako irailaren erdi aldetik aurrera, Borja Ortiz de Gondra dramaturgoagaz dabil ikasle talde hau antzezlanaren oinarrizko materialak erabilten, ikasleen euren ariketa personalak eta Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea olerkia abiapuntu hartuta. Material horreetatik Ortiz de Gondrak testua eregiko dau, eta aurrerago, zezeiletik aurrera, eszenaratze lanetan hasiko da Bernues.
Lana gogor egin beharko dabe ondorengo hilebeteetan ikasleek, nortasuna ardatz izango dauen ikuskizuna ikasturte amaieran antzeztua izateko prest egon daiten. Ortiz de Gondra eta Bernuesen gidaritzapean, Dantzertiko sei irakasle arduratuko dira prozesuaren koordinazinoaz: Ekaitz Gonzalez, zuzendaritzaz; Matxalen de Pedro, interpretazinoaz; Vene Herrero, ahotsaz; Alaitz Cabriada, karakterizazinoaz eta janzkeraz; Gorka Martin, espazio eszenikoaz; eta Unai Izquierdo produkzinoaz.
Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolea, 2015. urtean hasi zan lehenengo urratsak egiten eta 2018-2019 ikasturte hau ez da edozelako ikasturtea izango, izan be, lau urteko ikasketak amaitu eta gero, goi mailako tituludunen lehenengo promozinoa plazaratuko dauelako Dantzertik, bai Jantzan (Koreografia eta Interpretazino espezialidadean), baita Arte Dramatikokoan be (Interpretazino espezialidadean).
Borja Ortiz de Gondra (Bilbo, 1965)
Belaunaldiko euskal antzerkigile nabarmenenetako bat da. Madrilgo RESAD eskolan eszena zuzendaritza ikasketak egin ondoren Parisera joan zan. Hainbat antzokitan zuzendari-laguntzaile lanak egindakoa da, besteak beste, Comédie Française, Théâtre de l´Odéon eta Théâtre de la Colline antzokietan. Ibilbide profesional luzean, maila goreneko hainbat sari jaso ditu: 2018 honetan bertan, Egilerik Onenaren Max Saria (Los Gondra lanagaitik) eta Lope de Vega Saria (Los Otros Gondra lanagaitik); aurretiaz, barriz, laurogeita hamarrekoen hamarkadan, Marqués de Bradomín eta Calderón de la Barca sariak jaso zituan. Obra originalak estreinauta nahiz jatorrizko hizkuntzetatik itzultzen dituanen egokitzapenak eginez (frantsesetik eta ingelesetik), Espainiako antzokietan ibilten da lanean. Besteak beste, honako eszena-zuzendariakaz alkarlanean jardun izan dau: Jose Bornas, Juan Diego Botto, Jaime Chavarri, Ricardo Iniesta eta Atalaya konpainia, Josep Maria Mestres, Lluis Pasqual, Rosario Ruiz Rodgers, Alejandro Tantanian, Eduardo Vasco eta Javier Yagüe. New Yorken egin eban egonaldian (2004tik 2007ra), Performance Space 122 antzoki entzutetsuan lan egiteko aukera izan eban. Ortiz de Gondraren lanak alemanera, txekierara, finlandierara, frantsesera, ingelesera, italierara eta portugesera itzuli dira eta haren lanak Argentinan, Frantzian, Espainian nahiz Mexikon izan dira antzeztuak.
Fernando Bernues (Donostia, 1961)
Egungo euskal antzerkigintzako izenik garrantzitsuenetakoa da. Eszena-zuzendaria, baita hamaika telesailetako nahiz filmetako produktore edo zuzendari be, Bernues Tanttaka Teatroa taldearen sortzaileetako bat izan zan 1983an. Euskal antzerkigintzan eredu dan talde horri loturik jarraitzen dau Bernuesek sorreratik bertatik. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidean, genero ugari landu eta era askotako produkzinoak egin ditu konpainiak, besteak beste, drama naturalistea (Agur Eire, Agur), opera bufoa (Flaminio), fartsa (Adagio violentíssimo), jantzea (Zilbor Hestea), musikalak (Kontuz, maite zaitut) eta moldaketa lirikoak (Hansel eta Gretel).
Antzezlanetan estilo jakin bati loturik ez egote horrek emon deutso antzerki-produkzinoa ulertzeko giltzarria, konpainiako artista-taldea ikuskizun bakotxera egokitzen baita, alderantziz gertatu beharrean. Aitaturikoakaz batera, amaiezina da konpainia horrek taularatutako lanen zerrendea: El florido pensil, Shakespeare Osoa (gitxi gora behera), Komunikzioa Inkomunikazioa, Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan) edo Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea. Egun, Atxagaren lan horren zinemarako egokitzapena zuzentzen dabil Bernues. Ibilbide profesionalean jasotako sarien artean dagoz: Enpresa Pribaturik Onenaren Max Saria 2014an (Tanttaka Teatroagaitik), edo Antzerki Ikuskizunik Onenaren Ercilla Saria 1996an (El florido pensil lanagaz).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!