Berlinen kokatu dau Irati Elorrietak bere nobela barria
2018-10-31 11:20 KultureaHamar urtez elebarririk idatzi barik egon eta gero plazaratu dau Neguko argiak.
Aspalditik Berlinen bizi da Irati Elorrieta idazle bizkaitarra, eta hantxe kokatu dau bere nobela barria, Neguko argiak (Pamiela). Alemaniatik etorrita aurkeztu dau liburua, Donostian, Pamielako Jose Anjel Irigaray eta editore lanak egin dituan Joxerra Garzia alboan dituala. Hamar urte egin ditu Elorrietak libururik kaleratu barik (2008an atera eban Burbuilak), baina aurreko lan haretan agertutako estilo ezohikoari eutsi deutsola ziurtatu dau Irigarayk.
Personak eta uriak dira nobela barriko protagonistak. Pertsonaia ugari agertzen dira liburuan, belaunaldi baten erretratua egiteko beste, baina bi dira nagusiak: Añes eta Marta. Parisen alkar ezagutu eben, eta Berlinen bizi dira gaur egun, asmo handi bako bizitzea da eurena. Añesek hildako bategaz berba egiten dau, Estebanegaz.
Erritmo biziko kontakizun honetan, Añes eta Martaren inguruko pertsonaiak badatoz eta badoaz, eszena eta ahots ugari tartekatuta. Eguneroko biziari lotutako istorioak dira, erresistentziari, porrotari edo igesari buruzkoak.
Urien artean, Berlin da protagonista nagusia, baina ez bakarra. Paris be aitatzen da, eta Uribe Kostako herri batzuk. Gaur egunean kokatutako istorioa izan arren, denporan atzera be egiten dau Elorrietak lantzean behin, esate baterako, Parisko Komuneari erreferentzia egiten deutsanean. Izan be, memoriak leku garrantzitsua dauka Neguko argiak-en.
Joxerra Garziaren ustez, nobelan agiri diran pertsonaiek Europa dabe etxetzat, mugak apurtu eta kontinente guztiko erreferentzietan eroso dabilen belaunaldi hori da protagonista. Kosmopolitak dira, eta giro urbanoari egindako aitamenak ugari dira liburuko orrietan. Azken baten, pertsonaien moduan, Berlinen bizi dan euskalduna da Irati Elorrieta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!