Eskuko telefonoak helburu, TOKIKOMen Plataforma Digital barria plazan
2018-10-30 12:30 KultureaHedabide digitaletara gailu mobikorretatik heltzen diran bisiten portzentajea 15 puntu hazi da 2016tik.
Toki komunikabideen bateraguneak bere Plataforma Digitalaren bersino barria estreinau dau. Toki komunikabideen edizino digitalak egiteko tresnearen bersino barriak gailu mobikorrak ditu helburu, edukiak tresna horreetatik konsumidu zein sortzea erraztea helburu.
Funtsezko azpiegiturea euskerazko hedabideen panoraman. Plataformea 2013. urtean sortu eban TOKIKOMek, CodeSyntax enpreseagaz alkarlanean. Tresna bat eskaini nahi geuntsen toki komunikabideei, euren beharretara egokitutakoa eta etenbarik barrituko zana, alde batetik medio txikien presentzia digital duina errazteko, eta beste batetik, edukiak, teknologia, inbersinoak eta alor digitaleko estrategia be partekatzea erraztuko ebana, azaldu dau Joxe Rojasek, Komunikazino eta IKT Zuzendariak. Ordutik, 17 komunikabidek bat egin dabe proiektuagaz, eta gure aurreikuspena da hile gitxiren buruan 20 izatera heltzea.
Rojasek azaldu dauenez, Plataformea, denporeagaz funtsezko azpiegitura bihurtu da euskerazko hedabideen panoraman: euskerazko hedabide digital ez-publikoen heren bat baino gehiago Plataformearen ganean eregita dagoz. 2018ko urtarriletik irailera bitartean, EiTB ez besteko euskerazko medio digitalei egindako bisita guztien % 37 Plataformearen ganean osotutako webguneetara izan ziran (6.507.788 bisita guztira).
Plataformearen bersino barriak dakarren barrikuntza nagusia kontzeptukoa da: 2013ko bersinoa zehaztukeran, gure helburua zan Plataformeagaz egindako webguneak ondo ikustea ordenagailuko pantailan eta, responsive diseinuaren bidez, mobiletan be ondo ikustea. Orain alderantziz planteau dogu: mobiletan
bikain ikus daitela, eta pantaila handian be txukun, azaldu dau Rojasek. Egun, Plataformako bazkideen webguneetako trafikoaren % 66tik gora dator gailu mobikorretatik, eta ehunekoa etenbarik hazten doa: % 4,5 eta % 15 2016tik.
Horrezaz gan, multimedia edukiaren kargea eta bisualizazinoa azkartu egin da, eta online publizidadeko azken estandarrak be txertatu dira diseinuan, publizidadea hobeto erakutsi eta irakurlearentzat be eroso eta esanguratsuagoa izan daiten.
Plataformea erabarritzeko proiektuaren zuzendaritza teknikoaz Codesyntaxeko Asier Sarasua arduratu da. Mobikorrak lehenesteko aukera hori, batez be webguneen itxura grafikoan igarriko dabe erabiltzaileek: hiru zutabeko diseinu batetik zutabe bakarreko diseinura pasau gara, eta lehen alderik alde zabaltzen ziran menuak orain atzamarraz erraz erabilteko moduko hanburgesa estiloko botoietan batu doguz. Orrialdeen kargea arintzeko aldaketa teknikoak be egin ditue, eta diseinua garbitu eta sinplifikau. Administrazino gunean be aldaketak egiten dabiz, kazetariei errazteko albisteak mobikorretik zuzenean argitaratu ahal izatea.
Ganera, irakurleentzat hain nabarmenak ez diran aldaketa tekniko sakonagoak egin ditue Plataforman, helburu bikotxagaz: alde batetik, komunikabide bakotxak askatasun gehiago izatea bere webgunearen diseinua aldatu eta egokitzeko, teknikarien laguntzino barik, eta beste alde batetik, sistemearen azpiegitura teknikoa bateratzeko: Bateratze horrek aldaketa teknikoak egitea erraztuko deusku, eta holan orain arte baino askoz be erraz eta azkarrago egin ahal izango doguz aldaketak eta barrikuntzak Plataformako webgune guztietan batera.
Plataformearen bersino barria toki komunikabideek, TOKIKOMek eta Codesyntaxek diseinau dabe alkarlanean: Bost hilebeteko prozesua izan da, oso azkarra eta emonkorra. Lan asko eskatu badau be, emoitzea, produktu borobila da eta TOKIKOMen barruan dagozan neurri eta profil ezbardinetako komunikabideei erabat egokitzeko modukoa. Plataforma barria erabilten lehenengoa Debagoienako Goiena Komunikazino Taldea izan da, TOKIKOMeko komunikabideen artean handiena eta konplexutasun tekniko gehien dauena, eta Plataformeak hari erantzuteko prest ixteak bermatzen deusku beste guztiei be balioko deutsela. Datozen asteotan Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Iruñeko Euskalerria Irratia pasauko dira sistema barrira, migrazino osoa urtarrilaren amaiera alderako egin arte.
Arduradunek azaldu dabenez, Plataformearen bersino barria lehen urratsa da toki komunikabideentzako tresnak alkarregaz integretako estrategia batean. Holan, hurrengo hile eta urteotan, ahaleginak egingo ditue toki komunikabideen offline eta online edizinoak alkarregaz konektau, eduki trukeak erraztu, artxibo komuna sortu eta antolatu eta lan prozedurak estandarizetako: Horrek aukerea emongo deusku egiten dogun lan guztiari orain baino askoz be etekin gehiago ateratzeko.
Plataformako webguneak
1. Aiaraldea Gaur: aiaraldea.eus
2. AIkor: aikor.eus
3. Amezti: amezti.eus
4. Anboto: anboto.eus
5. Arabako Alea: alea.eus
6. Baleike: baleike.eus
7. Bilboko Uriola: uriola.eus
8. Erran: erran.eus
9. Euskalerria Irratia: euskalerriairratia.eus
10. Goiena: goiena.eus
11. Guaixe: guaixe.eus
12. Hiruka: hiruka.eus
13. Karkara: karkara.eus
14. Maxixatzen: maxixatzen.eus
15. Plaentxia: plaentxia.eus
16. Tolosaldeko Ataria: ataria.eus
17. Zarauzko Hitza: zarauzkohitza.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!