Ukitzeko koadroak, Arte Eder Museotik ikastetxeetara

Bizkaie! 2018-10-30 13:38   Kulturea

Ikusmen urritasuna dabenentzat egokitutako sei obra Bizkaiko eskoletara eroango ditue.

Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

2012tik martxan dago Ukitzeko artea programea, Eusko Jaurlaritzearen eta Iberdrolaren babesari esker. Bitarte horretan, 600 bisitari baino gehiago izan ditue ukitzeko obrek Bilboko Arte Eder Museoan. Ikasturte honetan, urritik martira, museoko lau hormen artetik atera, eta Bizkaiko eskoletara eroango ditue koadroen erreprodukzino egokituak.

Hasieran bost izan baziran be, sei pieza dagoz gaur egun Ukitzeko artea saileko bilduman: Grecoren Deikundea, José de Riberaren San Sebastian, emakume santuek sendatua, Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak, Mary Cassalten Emakumea eserita, umea besoetan dauela, Francis Baconen Figura etzana espiluan eta Adolfo Guiarden Krabelin gorridun baserritar gaztea. Danak dira Arte Eder Museoko koadroen hiru dimensinotako egokitzapenak.

Hain zuzen be, Bilboko Durero estudioak garatutako teknika baten bidez ipinten ditue artelanak ikusmen urritasuna dabenen eskura. Lehenik eta behin, koadroari bereizmen handiko argazkia egiten deutsie. Bertako bolumen eta testurak definiduta, prozedura kimiko bat emoten jako. Horren ganean inprimiduten da, eskalan, koadroaren hiru dimensinotako erreprodukzinoa. Holan, eskuakaz igarri leiteke koadroaren edukia.

Esperientzia horren osogarri, entzuteko azalpenak daukaz koadro bakotxak, euskeraz, gaztelaniaz zein ingelesez. Itsuek eta ikusteko arazoak daukiezenek ez eze, ganerako bisitariek be bizi leikie esperientzia sensorial hori, begiak tapetako oihalen bidez. Era horretara, ikusmen urritasunaren inguruko kontzientzia zabaltzen dabe bisitarien artean.

Arte Eder Museoak azaldu dauenez, dagoeneko 25 ikastetxe baino gehiagok agertu dabe Ukitzeko artea euren zentrora eroateko interesa. Obrei eusten deutsien euskarriak barritu ditue, leku batetik bestera eroatea errazagoa izan daiten. Ikastetxeetara egindako bisitaldietan, hezitzaile batek lagunduko deutse neska-mutilei proiektua bete-betean bizi izaten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu