Belatz, Dekot, Zizel eta Nau, X. Banden Lehiako finalistak

Bizkaie! 2018-10-30 12:35   Musikea

X. Banden Lehiako finala zemendiaren 17an, arratsaldeko 17:30etik aurrera izango da Bilborocken.

Azkue Fundazinoak antolatzen dauen Banden Lehia musika txapelketako 2018ko hamargarren edizinoan 14 taldek emon dabe izena. Banden Lehia euskal musikea sustatzen dauen lehiaketea da eta banda amateurrik onena saritzen dau, tokiko taldeak ezagutzera emonez eta, bide batez, euskal musikea sarean be zabalduz.
Publikoaren botoei esker, 8.820 botogaz, Belatz talde gernikarra izan da aukeratua eta epaimahaikideek beste hiru talde honeek aukeratu ditue: Maruri-Jatabeko Dekot, Azkoitiako Zizel eta Donibane-Lezoko Nau.

Hamargarren edizino honetan pluraltasuna izan da nagusi, bai jatorri aldetik, baita musika estilo aldetik be. Lehenengoari erreparauta, Hego Euskal Herriko taldeez gan, aurten be, iparraldeko talde batek emon dau izena. Eta estiloari erreparauta, askotarikoa izan da aurkeztutako taldeen musikea: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya...

X. Banden Lehiako finala zemendiaren 17an, arratsaldeko 17:30etik aurrera izango da Bilborocken. Lau talde horreek zuzeneko kontzertuak eskainiko ditue eta amaieran aurtengo edizinoko irabazlea zein dan jakingo dogu.

Taldeek publikoaren laguntzinoa behar izango dabe euren aldeko botoak eskuratzeko eta epaimahaikideek bertan izango dira kontzertuak ikusten.

Azken buruan, finala zabalik egongo da hurreratu gura dauen edozeinentzako eta 4 talde finalistez gan Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeak kontzertua doban eskainiko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu