Su Ta Gar, 30 urte atzera

Dabi Piedra 2018-10-30 12:46   Musikea

Taldearen hasierako diskoetako abestiakaz, bira berezia egiten dabiz.

Su Ta Garreko lau kideak, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuaren 14an, 30 urte bete ziran Su Ta Gar-en lehenengo kontzertutik. Urteurren horren atxakian, hiru hamarkada atzera egin dabe Eibarko taldeko kideek, eta bira berezia atondu. Madrilen hasi eben, urriaren 20an, eta zemendian eta abenduan kontzertu gehiago emongo ditue, Atarrabian, Bartzelonan, Durangon, Donostian, Berlinen, Miarritzen eta Gasteizen. Azkena Bilboko Santana aretoan izango da, abenduaren 28an.

Bira berezi hau ez da izango 30 urteotako ibilbidearen errepasoa edo laburpena. Denporan bidaia bat izatea nahi dabela adierazo dabe taldekideek. Hasi ziraneko doinuak gogoratuko ditue, gaur egungo ikuspuntutik. 1989ko maketako kantak joko ditue, baita Jaiotze basatia eta Hortzak estuturik diskoetakoak be.

Ganera, kontzertuetan, publikoari inoz erakutsi bako argazki eta bideo zaharrak proiektauko ditue. Dana dala, proiekzinook ez dabela kontzertuaren erritmoa apurtuko ziurtatu dau Xabi Bastida taldekideak: Hasieratik amaierara egurra emongo dogu. Hiru hamarkada atzera egin arren, nostalgiarik be ez dabe nahi. Helburuak beste batzuk dira: Ordukoa ezagutu ebenek barriro emozino ha sentidutea; eta gazteek orduko giroa ezagutzea.

Hiru hamarkadako ibilbidean, mila kontzertu baino gehiago jo ditu Su Ta Garrek. Lehenengoa, 1988ko abuztuaren 14an, Ondarroako gaztetxean izan zan. Aurretik entseguetan ibilten ginan, eta pentsau genduan momentua zala zuzenekoren bat probetako, gogoratu dau Xabi Bastidak. Eibarren heavy musikeak ez eukalakoan ospe on-onik, Ondarroan jotea pentsau eben. Astebete lehenago gaztetxeko arduradunei proposamena egin, eta baiezkoa emon eutsien.

Gitarrak, anplifikadoreak eta bestelako tresnak eskatzen ibili behar izan eben hasierako kontzertuetan, material nahikorik ez eukielako, Aitor Gorosabel taldekideak gogoratu dauenez. Gidatzeko baimena atera bitartean, ganera, lagunen autoetan joaten ziran kontzertuetara. Gauzak zeharo aldatu dira harrezkero, baina 30 urte eta gero errepidean segiduten dabela ospatzeko modu bat be bada birea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu