Paolo Nespoli astronauteak ‘Pasadizoak espaziotik’ berbaldia emongo dau Bilbon

Bizkaie! 2018-10-29 13:42   Kulturea

Gaur, astelehena, urriaren 29an, arratsaldeko 19:30ean da hitzordua Bizkaia Aretoan.

Paolo Nespolik (Milan, 1957) | Ikusi handiago | Argazki originala

Europako Espazio Agentziako (ESA, ingelesez) astronauta Paolo Nespolik Historiak espaziotik: astronauta baten ikuspegia berbaldia emongo dau. Ekitaldia UPV/EHUko Zientzia Planetarien Taldeak eta Bilboko Injinerutza Eskolako EspaZio Geleak antolatu dabe, eta Space for Inspiration ekimenari hasierea emongo deutso. Space for Inspiration Europako Espazio Agentziak antolatutako nazinoarteko konferentzia bat da, espazioko esplorazinoan interesa daben guztientzat, eta Euskalduna Jauregian izango da urriaren 29tik 31ra. Inaugurazino ekitaldian honako honeek hartuko dabe parte: Jose Luis Martin UPV/EHUko Ikerketearen arloko errektoreordea eta Agustín Sánchez Lavega, Bilboko Injinerutza Eskolako katedraduna, Zientzia Planetarien Taldeko zuzendaria eta 2016ko Ikerketearen arloko Euskadi Sariaren irabazlea; azken horrek aurkeztuko deusku Nespoli.

Berbaldia ingelesez izango da eta aldi bereko itzulpena egongo da. Sartzea doban da leku guztiak bete arte.


Paolo Nespoli

Paolo Nespolik (Milan, 1957) 61 urte ditu, eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronautarik nagusiena da. Injinerutza aeroespazialean graduduna da eta, gerora, Aeronautika eta Astronautika Masterra egin eban New Yorkeko Unibersidade Politeknikoan. 1998an hasi zan lanean ESAn.

Hiru misino egin ditu Nazinoarteko Espazio Estazinora (Internacional Space Station, ISS), zenbait helburu zientifiko eta teknologiko beteteko eta, aldi berean, hezkuntzearen arloko jarduerak eta zientziaren dibulgazinokoak gauzatzeko asmoz. Lehen misinoa, Esperia izenekoa, 2007an izan zan, eta 15 egun iraun eban, hain zuzen, ISSra bidaiatu eban NASAren Discovery izeneko espazio transbordadorean. Bigarren misinoa, Magisstra izenekoa, luzeena izan zan berak egindakoen artean, 6 hilebetekoa izan zalako. 2010eko abenduan hasi zan, eta Errusiako Espazio Agentziaren Soyuz TMA-20 ontzian bidaiatu eban ISSra. Misino horretan, helburu zientifikoez gan, Nespoli First Orbit dokumentaleko fotografiaren zatirik handienaz arduratu zan, zuzendari legez. Dokumental horretan, ISSk Yuri Gagarin astronauta errusiarrak Vostok 1 ontzian eginiko lehen hegaldi espazialaren ibilbideari jarraitu eutson, astronauteak bizitako esperientziaren barri emoteko asmoz. Hirugarren misinoa, VITA izenekoa, igaz izan zan, 2017ko garagarrilean, eta 138 egun iraun eban. ISSra joan zan Soyuz MS-05 ontzian, eta egonaldi horretan 60 esperimentu baino gehiago egin zituan espazioko bizitzarako behar diran teknologiak aztertzeko. Horrezaz gan, 25 herrialde baino gehiagotako umeei zuzendutako zientziaren arloko hezkuntza programa bat gauzatu eban, Misión-X: Entrenando como un astronauta izenekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu