Anjel Larrañagaren 'Lana festa bihurtuz' disko-liburua, kalean

Bizkaie! 2018-10-29 13:21   Musikea

Bertsolari eta pandero-jole azkoitiarraren ibilbidea jorratzen dau argitalpenak.

Marta Agirrezabala (Lanku), Anjel Larrañaga eta Joxean Agirre, liburua aurkezten, Azkoitiko Urrategi auzoko alkartean | Ikusi handiago | Argazki originala

Kupela taldeari esker ezaguna da Anjel Larrañaga, baina hortik kanpoko bide oparoa be egina dauka. Hori guztia argitalpen bakarrean batu dau Lankuk, Lana festa bihurtuz disko-liburuan. Larrañagaren abesti barriak entzun leitekez, eta 45 urte baino gehiagoko ibilbideko pasadizoak irakurri. Joxean Agirrek idatzi dau liburua.

Andoni Egaña bertsolariaren eta Anjel Valdes Elkar argitaletxeko kidearen eretxiak dakarz liburuak lehenengo partean. Larrañagaren bertsoen teknikea eta Kupelaren arrakastearen giltzarriak aztertu ditue, hurranez hurran. Bigarren zatiak biografia itxurea dau, umetatik gaur egun arte Larrañagak bizi izan dituanen barri emoten da. Agurtzane Elustondo, Tomas Soraluze Epelde eta Xabier Alberdi Zabale-ren eretxiak be sartu ditue.

Anjel Larrañagak orain arte argitaratu dituan bederatzi diskoetako abestien berbak irakurri leitekez liburuaren azken zatian. Entzuteko argitalpena be badanez, CDa topauko dabe zaleek liburuagaz batera. Ohiko liburu-dendetan ez eze, Azkoitiko Tirikitrauki musika dendan, Azpeitiko Meola tabernan, Aristerrazun eta Markinako Zubiondo tabernan dago salgai disko-liburua, 22 euroan.

Anjel Larrañaga Azkoitiko Mendizabal baserrian jaio zan, 1947an, eta gaztetatik ezagutu eban bertso eta trikiti giroa. 45 urte baino gehiagoko ibilbidea egin dau, arlo biak buztartuta. Kupela taldea da horren erakusgarri: Trikiti doinuakaz apaindutako bertsoak plazarik plaza zabaldu zituan. Ganera, 1980ko Bertsolari Txapelketan finalista izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu