Senez aldizkariaren 49. zenbakia kaleratu dau EIZIEk

Bizkaie! 2018-10-29 08:03   Kulturea

287 orrialde, 22 artikulu, hamaika egile, eta beste horrenbeste gai.

Orain be, itzulpengintzeagaz loturiko alderdi gehienak ukitu nahi izan doguz: literatura-itzulpena, administrazinoko testuen itzulpena, itzulpen espezializatuak, zuzenketea, interpretazinoa...

Egileen artean be, ibilbide luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean dabizenakak zein mundu akademikoan dabilzanak batu jakuz aldizkariaren doinura.

Alkarrizketen sailean, Amaia Apalauza eta Iñigo Roque itzultzaileek Xabier Queiruga Pasazaite argitaletxeko editorea elkarrizketatu dabe, gai ugari ekarriz: literatura itzulia, itzultzaileen zeregina eta garrantzia, irakurleen harrerea edo Galiziako argitaletxeen egoerea, besteak beste.

EIZIEren 30. urteurrena ospatzeko antolatutako mahai-inguruaren barri be badakar: Karlos del Olmok Josu Zabaleta, Xabier Mendiguren, Lurdes Auzmendi eta Miren Ibarluzea alkarrizketatu zituan, eta Senezera ekarri nahi izan dogu saioaren transkripzinoa. Aukera ederra alkartearen iraganaz, orainaz eta geroaz gogoetea egiteko.

Gogoan izan doguz 2017an joan jakuzan bazkide bi: Iñaki Beristain eta Andoni Lekuona. Karlos del Olmok osotu dau euren omenezko idazkia. Literatura-itzulpenari jagokonez, 40 poeta katalanen antologia baten barri emonez idatzi dau Karlos del Olmok, eta Cora Marín eta Pere Vilanova poeten De l’absència
poemaren itzulpen ilustratua ondu. Bestalde, aurten argitaratua da Mario Benedettiren Udabarri kantoi-hautsia, Aiora Jakak itzulia, Literatura Unibersalaren bildumearen barruan, eta liburuaren itzulpenaren harira batutako gogoetagaiak idatzi ditu Jakak artikulu batean.

Literatura itzuliaren harrereari be erreparau nahi izan deutsagu, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako irakurleek itzulpenik irakurten ete daben, arlo horretan zer hutsune dagozan eta bestelako azterketa eta eretxi batzuk jaso nahian. Horretarako, artikulu bana atondu deuskue Hedoi Etxartek, Vigoko Unibersidadeko Bitraga ikerketa-taldeko kideak eta Aritz Galarragak.

Literatureagaz lotuta, itzulpen-lantegi biren kronikak be badagoz irakurgai: batetik, Maialen Garagarzak komiki-itzulpenari buruzko lantegi baten kronika osotu dau (EIZIEk antolatua 2017ko maiatzean, Bego Montorioren gidaritzapean), eta, bestetik, Mònica Fontek eta Jon Elordik Lauaxetaren testuak katalanera itzultzeko lantegiarena (Bartzelonako Literaldian antolatua 2018an).

Administrazino-itzulpenaren arloan, arauen izenburuen katramila sintaktikoak berbagai hartu ditu Gilen Mejuto itzultzaileak, eta testu-zuzenketen gaia, barriz, Mario Unamunok eta Inaxio Lopez de Aranak.

Testu espezializatuen itzulpenari be lekua egin jake: batetik, Ana Moralesek gogoeta zabala egin dau Judith Butler-en Genero nahasmendua itzultzean hartu behar izandako hautu eta erispideen ganean, eta, bestetik, itzulpen zientifiko-teknikoez idatzi dau María José Pinillak. Gai horregaz loturik, Donostian 2018ko udagoienean egitekoa dan terminologia-gailurraren barri emonez idatzi dau Maite Imazek.

Interpretazinoari jagokonez, Ana Blázquez interprete nuklearraren bizipenak eta gogoetak jaso ditue.

Mundu akademikotik, batetik, Miren Ibarluzeak eta Koldo Bigurik euren doktore tesiaren laburpena idatzi dabe, eta, bestetik, Itzulpengintza eta Interpretazinoko Graduko ikasle bik txio egin deuskue gradu amaieran aurkezturiko ikerketa-lanen egokitzapen banagaz: Ibai Sarasuak Corramos libres ahora poema bildumearen itzulpenari buruzko ikerketa bat aurkeztu deusku, eta Claudia María Torralbak, barriz, ikusizko itzulpena aztertu dau.

Azkenik, Marcos Sarmientok editautako artikulu bilduma baten gomendioa egin deusku Karlos del Olmok: Historia de la traducción y de la interpretación en Canarias.

Horrexek aurtengo Senez aldizkariaren musika-notak. Ez dogu aitatu barik itxi gura Juan Azpeitiaren irudiz apaindua eta musikatua datorrela aldizkaria orain be, dotore eta ikusgarri. Ez daitela musikarik falta.

Ale honetako kolaboratzaileak: Amaia Apalauza Ollo, Koldo Biguri, Anartz Bilbao, Ana Blázquez Ubach, Karlos del Olmo, Jon Elordi, Hedoi Etxarte, Áurea Fernández Rodríguez, Mònica Font, Iolanda Galanes Santos, Aritz Galarraga Lopetegi, Maialen Garagarza Urkia, Miren Ibarluzea Santisteban, Maite Imaz, Aiora Jaka, Inaxio Lopez de Arana Arrieta, Ana Luna Alonso, Gilen Mejuto, Silvia Montero Küpper, Ana Morales, María José Pinilla Machado, Iñigo Roque Eguzkitza, Ibai Sarasua Garcia, Claudia Maria Torralba Rubinos eta Mario Unamuno

Itzultzailea: Kristin Addis, Edurne Alegria, Karlos del Olmo, Bego Montorio.

Zuzentzailea: Amaia Apalauza, Bego Montorio.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu