'Urte askotako eta jente askoren lana dago oinarrian'

Bizkaie! 2018-10-29 08:04   Kulturea

XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak emon ditue astegoienean.

30 Urte 10 Mugarri lelopean, azken berrogeita hamar urteetan euskerazko kazetaritzan mugarri izandako 10 eragile saritu ditue Basteron egiondako sari banaketa ekitaldian, euskerazko kazetaritzeak egin dauen aurrerabide itzelean protagonista nagusi izandakoak.

Aurten saritutako hamar eragileak izan dira: Anaitasuna, Argia, Ttipi-Ttapa, EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea, EITB, Elhuyar aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria-BERRIA, Euskal Irratiak, Eibar.org eta Goiena.

Euskal erakundeetakoko ordezkaritza zabala izan zan sari banaketan; Andoaingo alkate Ane Carrere alkateak hartu eban berbea: gaur egungo euskerazko kazetaritzeak, zorionez, antzekotasun gitxi dau iraganekoagaz; aurrera egin dau, hazi egin da, heldutasuna eskuratu dau. Baina hau ez da hutsetik sortu azken urteotan. Urte askotako eta jente askoren lana dago oinarrian. Aurrera begira gagoz, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak izango dau hogeita hamaikagarren edizinoa, eta beste edizino asko. Eta ganera, indarbarrituta etorriko da. Hori da Udalaren konpromisoa. Aurrerago Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazo eban ondokoa: Hiru hamarkadotan euskereak azken mendeotako bizibarritzerik azpimarragarriena bizi izan dau. Bide horretan, funtsezkoa izan da hedabide publiko zein pribatuek egin daben ahalegina euskerazko kalidadezko informazinoa eta entretenimendua euskal herritarrakana helarazoteko. Ez da kasualidadea izan.  Pizgarria izan daitela bihar-etzi egin beharrekoa hauspotzeko.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Ana Ollo, Herritarrakazko eta Erakundeakazko Harremanetako kontseilaria izan zan. Nafarroako Gobernuko hizkuntza politikaren arduradun eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi be izan zan. Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirolak Saileko Igone Martinez de Luna egon zan Andoainen, eta euskera arloko zuzendariak Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako Garbiñe Mendizabal eta Ana de Castro.

Ekitaldiari hasiera emon jako, 1966an, Usurbilen, Udarregi bertsolariari egindako omenaldian Rikardo Arregik egin eban berbaldi ederraren pasarte batzuk haren ahotsean entzunez.

Jarraian, Kazetaritza Sariaren hogeita hamar urteetako errepasoa egiten dauen bideoa erakutsi dabe, Joxan Goikoetxeak okasinorako sortutako musika ederraz lagunduta. Eta, XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren testuinguruan, On Time etxeak eta EITBk herri-erakundeen babesagaz egindako Zubi lana dokumentalaren aurrerapen laburra proiektau da, lehen aldiz, ekitaldian. Euskal kazetaritzearen errepaso bikaina dakar dokumentalak, hainbat eragileren eskutik. Aitatu dokumentala osorik urriaren 29an, astelehen gauean emongo dau ETBk bere lehen katean.

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Andoaingo Udalak sortu eban orain hogeita hamar urte, eta
ordutik urterik urte, hutsik egin barik, egin dau deialdia, Eusko Jaurlaritzearen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz. Euskal kazetaritzearen sari aitzindari eta dekanoa da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta bere helburua da euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntza bultzatzea.

 

30 urte - 10 mugarri

Epaimahaiak izenrtautako hamar mugarriak ezagutzera emon ditue Dani Álvarez eta Ilaski Serranok. Epaimahaiak azpimarratu nahi izan dau, mugarrien hurrenkerea ez dala inondik inora kualitatiboa, huts-hutsik kronologikoa baino.


Epaimahaia

XXX. edizinoko mahaikide izan dira Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoitia; eta mahaiburu eta idazkari lanetan, hurranez hurren, Ainara Rodríguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskera zinegotzia, eta Patxi Baztarrika, Euskera Zerbitzuaren arduraduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu