'Otto Pette' eguneratua, mende lauren geroago
2018-10-26 11:33 KultureaAnjel Lertxundiren nobela ezaguna barriro plazaratu dau Alberdania argitaletxeak.
Jaio zanetik bertatik, euskal literaturan mugarri eta klasiko bihurtu zan Otto Pette, Erdi Aroan kokatutako nobela barritzailea. Anjel Lertxundi finalista izan zan Espainiako Narratiba Sarian, lan hari esker. 25 urte geroago, Alberdania argitaletxeak berrargitalpena plazaratu dau.
Bersino eguneratua dan arren, orain kaleratutako honek Otto Pette originalaren indar guztiari eusten deutso. Izan be, 1994ko nobelearen editore izandako Inazio Mujika edizino honetako gidari be izan da.
Mujikak azaldu dau, orain dala ia 25 urte, Anjel Lertxundiren testua gainbegiratzen hasi eta segiduan konturatu zala zeozer barritzailea eukala esku artean, mugarria izango zala euskal literaturan. Lertxundik berak be onartu dau, mende lauren geroago, Otto Pette-ko pasarteak irakurten hasi eta harrituta geratzen dala, istorioan agiri dan mundu ha berak eregi ebala ezin sinisturik.
Izan be, Erdi Aroan kokatuta dago Otto Pette. Iragan iluneko pertsonaia nagusiak, Otto Pettek, ezusteko bisitea hartuko dau etxean, eta horrek hankaz gora ipiniko dau guztia. Sasoi zaharrak gogoratuz, protagonistearen ezinegona handituko dau arrotzagaz dauen alkarrizketeak.
Fikzinozko Erdi Aroko giroa sinisgarri egiteko, batez be hizkuntzearen baliabide aberatsak erabili zituan Lertxundik. Horregaitik, Otto Pette-ren ezaugarri nagusietako bat da hizkerea. Orain dala mende laureneko baliabideakaz, ahalegin handia egin eban idazleak, hiztegietako harribitxiak topau eta testuan lekua egiten. Erdi Aroko istorioen euskal idazle klasikorik ezean, ia hutsetik eregi behar izan zituan Lertxundik nobelako estiloa eta hizkerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!