Marc Augék 'El porvenir de los terricolas' liburua aurkeztuko dau Bilbon
2018-10-26 08:37 KultureaLiteratura frantsesari buruzko topaketea, hilaren 26an, Bizkaiko uriburuan.
Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, literatura frantsesari buruzko beste topaketa bat jasoko dau gaur, hilak 26. Gonbidatua, Marc Augé idazle eta Pariseko EHESSeko antropologia eta etnologia irakaslea izango da, El porvenir de los terrícolas. El fin de la prehistoria de la humanidad como sociedad planetaria (Gedisa arg.) liburuaren gaztelaniazko argitalpena dakar besapean.
Bilboko Institutu Frantsesagaz batera antolatutako ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera libreagaz; Fabrice Charrierek egingo ditu aurkezpen lanak. Streaming-ez be jarraitu ahal izango da: www.kulturguneatb.eus helbidean.
Lan barri honetan, Marc Augék orainaldiaren kritika iradokigarrian sartzen ditu irakurleak, eta impasse horretatik iges egiteko eta beste garai bat zabaltzeko erronkearen aurrean jarten ditu. Aurrerapen tekno-zientifikoak gaindituta eta gure sasoiko ideologien aurrean etsituta, badirudi gizateria, etorkizunerako bidea argituko dauen itsasargi barik geratu dala. Ezaugarri legez gero eta desbardintasun handiagoak, leku guztietatik zabaldutako indarkeria eta atzerakada ideologiko nabarmena dituan orainaldi amaibakoan bizi gara.
Gizartearen eta gizakiaren izakera hori zehazteko, Augék gizateriaren historiaurrea gizarte planetario legez esamoldea darabil. Orain arte ikusi bako garapen teknologikoak definiduten dauen sasoi barrian sartu gara, baina migrazino mobimentu globalek, krisi ekonomikoak, politikoak eta ekologikoak eta leku ez diran horreetan (konsumorako, igaroteko eta komunikazinorako espazioak) egiten dan bizitearen eta benetako lekuetan, harreman birtualik bakoetan, egiten dan bizitearen arteko tensinoak be zehazten dabe garai barri hori.
Marc Augé (Poitiers, 1935) antropologia eta etnologia irakaslea da Pariseko École des Hautes Études en Sciences Sociales izenekoan eta CNRSSko ikerketa zuzendaria da. Lan asko idatzi ditu, besteak beste, El tiempo en ruinas (2015), La comunidad ilusoria (2012), Elogio de la bicicleta (2008), El oficio del antropólogo (2007), ¿Por qué vivimos? (2004), Ficciones de fin de siglo (2001), Dios como objeto: símbolos, cuerpos, materias, palabras (1997), Las formas del olvido (1998), La guerra de los sueños (1998) edo Hacia una antropología de los mundos contemporáneos (1995).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!