Gabriel Arestiri gaur egungo ikuspegitik begiratu deutso Asier Amezagak
2018-10-25 09:07 KultureaErein argitaletxearen eskutik plazaratu dau Inor ez delako profeta bere mendean.
Bere doktore tesian jorratu eban gaia egokituta, Inor ez da profeta bere mendean liburua idatzi dau Asier Amezagak. Igazko Gabriel Aresti Saiakera Saria emon eutsan Bilboko Udalak lan horri esker. Hain zuzen be, idazle bilbotarrari buruzko liburua da Amezagarena.
Denporan atzera eta aurrera egingo dau irakurleak, saiakera honetako orrietan sartu ahala. Izan be, Gabriel Aresti bere sasoiko ardura sozial, linguistiko eta politikoetako protagonista izan zan, baina 1975ean hil zanetik, gauza asko aldatu dira. Arestik idatzitakoen eta geroagoko jazoera batzuen arteko loturea aztertu dau Amezagak.
Hainbat atal nagusi ditu saiakereak, solte irakurteko modukoak, autoreak alkarren atzetik irakurteko gomendioa egin dauen arren. Atal bakotxean, Arestiren obran pisu handia izan eban gai bat lantzen dau. Esate baterako, badago bat euskera batuari eta h-aren auziari lotua. Nire aitaren etxea poema be aitatzen dau beste kapitulu baten, eta Aresti hil eta gero izan dauen zabalkundearen barri emon.
Arestik ezagutu ez zituan jazoera ugari haren poesiagaz lotzeko ahalegina egin dau Amezagak. Aste Nagusia, Guggenheim Museoa, Euskaldunon Egunkaria zarratzea... Aresti eta Bilboren arteko lotureak be pisua dauka liburuan. Dagoeneko desagertu dan Bilbo baten sinbolo edo totem-tzat hartzen da idazlea, Amezagaren arabera.
Arestiren lan literarioa eta bizitzako gorabeherak oso lotuta egon ziran, eta hori liburu honetan be nabarmena da. Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editorearen ustez, lan dibulgatibo honen balioa da, ikuspegi soziologikoa emoten dauela, hau da, hainbat alderditatik begiratuta, Arestiren memoria gaur egungo Bilbon zelan sartu dan aztertu dau Amezagak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!