Ramiro Pinilla Eleberri Laburren 2. Lehiaketako deialdia zabalik Getxon
2018-10-24 10:30 KultureaTxiki Baskardo 2. Lehiaketea be abiatu da, Getxoko ikasleei zuzenduta.
Getxoko Kultur Etxeak abiarazo dau Ramiro Pinilla 2. Eleberri Laburren Lehiaketea. Horren bitartez, idazle ospetsuaren memoriari eutsi eta literatura-sorkuntzea bultzatzeko asmoz. Horregaz batera, Txiki Baskardo Ume Kontakizunen 2. Lehiaketea be abiatu da, DBHko 1. mailako ikasle getxotarren artean sorkuntza literarioa bultzatzeko asmoz.
Lehiaketan parte ahal izango dabe egoitzea Espainian dabenek, edozein dala euren nazionalidadea. Euskeraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta horreen luzerea 80 eta 120 orrialde artekoa izango da. Testuak jasoteko epea 2019ko zezeilaren 1ean amaituko da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian epaimahaiak bere erabagia jakinarazoko dau eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian emongo dira.
Sari bi emongo dira lehiaketan, euskerazko eta gaztelaniazko lanentzako, horreetako bakotxa 6.000 eurokoa. Era berean, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntzinoa be jasoko dabe irabazleek. Deialdiaren arauak Getxoko Kultur Etxeetan zein webgunean eskura daitekez.
Ekimenaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan (adibidez, egilearen heriotzea dala eta antolatutako omenaldiak) hasitako alkarlanagaz jarraitzen dabe. Lehiaketeagaz egile getxotarra omendu nahi da, baita bere lana be. Kontuan hartu, haren liburuak sari ugari eta garrantzitsuak irabazi dituela, esaterako Nadal saria, Euskadi Literatura-saria gaztelaniaz eta Narratibaren Sari Nazionala.
Txiki Baskardo Lehiaketea
Eleberri laburren lehiaketaz gan, Txiki Baskardo Ume Kontakizunen 2. Lehiaketea abian jarriko da, DBHko 1. mailako getxotar ikasleen artean literatura sorkunteza sustatzeko helburuagaz. Igaz bezela, parte hartzeko modalidade bi dagoz: ikastetxeen bitartez edo nork bere kabuz. Kasu bietan finalean parte hartuko daben hautagaiak aukeratuko dira. Sari bat izango da hizkuntza bakotxeko eta irabazleek tableta elektroniko bat jasoko dabe. Ganera, finalistei diploma bat emongo jake, baita Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bat be. Deialdiko arauak dagoeneko eskura dagoz udal webgunean.
Ikastetxeetan
DBHko lehen urteko irakasleek ikasleei proponiduko deutse banaka kontakizunak idazteko. Luzerea eta gaia ikastetxe edo irakasle bakotxak hautatuko dau. Aurkeztutako lanen kalidadearen arabera, irakasleak gehienez banakako kontakizun bi aukeratuko ditu talde edo gela bakotxeko, eta euskeraz zein gaztelaniaz idatzitakoak izan daitekez. Fase hori apirilaren 23an amaituko da eta hortik aurrera, irakasle parte-hartzaileak lehiaketako antolakuntzeari jakinarazoko deutso nortzuk diran finalistak.
Nork bere kabuz
DBHko lehen mailako ikasleek euren burua aurkeztu ahal izango dabe, beren ikastetxeak hautaketan parte hartzen ez badau edo Bizkaiko beste edozein udalerritan kokatuta badago. Horretarako, bizitokia Getxon izan behar dabe, eta ziurtagiri bidez frogatu beharko dabe 2018-2019 ikasturtean DBHko lehen urtean matrikulauta dagozala. Lanak jasoteko epea apirilaren 13an amaituko da.
Epaimahaiak finalista bi aukeratuko ditu 20 kontakizuneko edo zatikiko. Erabagia apirilaren 23an jakinaraziko zaie finalera heltzen diren pertsonei, Liburuaren Egunean.
Finala
Finalistek finalean parte hartuko dabe bagilaren azken astean. Horretarako, finalistak eurek agertu beharko dira, behar bezela identifikauta, deialdiak zehaztutako lekuan eta momentuan. Gehienez 120 minutu izango ditue luzera libreko kontakizun bat eskuz idazteko, epaimahaiak zehaztutako esaldiari jarraituz. Esaldia Ramiro Pinillaren Txiki Baskardoren ibilerak lanetik ateratakoa izango da, 1980an euskeraz eta gaztelaniaz argitaratutako lanetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!