Busturiko emakumeen bizimodua bideo baten batu dau Labayruk

Bizkaie! 2018-10-24 09:08   Kulturea

Herritarren lekukotzak dira ikus-entzunezkoaren ardatza.

Bideoaren aurkezpenean parte hartu dabenak (argazkia: Labayru) | Ikusi handiago | Argazki originala

Altamirako kultur etxean aurkeztu dabe Busturiko emakumeak bizitzaren ardatzean izeneko bideoa. Euren testigantzea emon daben herritarrak, Busturiko Udaleko arduradunak eta Labayru Fundazinoko ordezkariak egon dira ekitaldian. Besteak beste, Aitor Aretxaga alkateak, Idoia Etxebarria eta Naiara Ruiz zinegotziek eta Labayruko Adolfo Arejitak eta Akaitze Kamiruagak hartu dabe parte.

Ikus-entzunezkoa 2018ko Europako Ondarearen Jardunaldien gaiagaz bat dator: Ondarea emakumeen emaria da aurtengo leloa. Busturiko andrazkoen testigantzak erabilita, XX. gizaldian hango emakumezkoek euki daben bizimodua eta eguneroko zereginetan izan daben garrantzia erakusten dau bideoak.

Lekukoek ondo gogoratzen dabe, sasoi baten ez zala erraza emakumea izatea eta euren eremua sarri etxe eta eleiza barrura mugatuta egoala; eurak izan dira herrigintzearen ardatza. Hau nabariagoa izan da Busturian, gizonek etxetik kanpora urteteko jokerea izan daben herrian (bai itsasora, bai urruneko lurraldeetara).

Labayrukoek azaldu dabenez, sarri andrazkoek egindako lanek ez dabe behar besteko merezimendurik izan eta luzaroan bigarren mailakotzat jo izan dira. Gaur egun emakumearen eragina gero eta handiagoa da, gizartean integrauta dago, eta apurka-apurka toketan jakon lekua hartzen doa. Bideo honetan batutako testigantzak aldaketa horren lekuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu