Erotismoa, Bermeoko Azalien asteburu kulturaleko gaia

Bizkaie! 2018-10-24 08:05   Kulturea

Urriaren 26tik 28ra, herriko sortzaileen lana Arrantzaleen Kofradia Zaharrean batuko dabe.

Azalien asteburu kulturalaren aurkezpena (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren urtez egingo dabe Azalien asteburu kulturala, Bermeoko artisten lanak espazio bakarrean batu eta publikoari erakusteko. Besteak beste, pinturea, musikea, jantzea, argazkilaritzea, zinemea, grafitiak, eskulturea, antzerkia, zeramikea eta kontzertuak egongo dira barikuan, zapatuan eta domekan, hiru eguneko egitarau zabalean.

Arrantzaleen Kofradia Zaharrean antolatu diran erakustaldi kultural horreek guztiak gai bakar batek batuko ditu, erotismoak hain zuzen. Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga, Barrueta Arte Alkarteko kideek, aurkeztu dabe Azalien asteburu kulturala. Astuik azaldu dauenez, herriko 15 alkarte inguruk hartuko dabe parte, banakako artistakaz batera.

Igaz egin zan lehenengo aldiz, arrakasta ikaragarria izan eban eta herritarrek oso ondo balorau eben. Hortaz, aurten be ospatuko da, ganera igaz baino parte-hartzaile gehiagogaz, ganeratu dau Bermeoko Udaleko zinegotziak. Azalien ekimenak helburu nagusi bi dituala dino: Alde batetik, herriko artisten lanak toki berean batzea, herritarrei eta interesa daben guztiei ezagutzera emoteko; eta, bestalde, artisten arteko hartu-emonak indartu nahi dira.

Urriaren 26an, barikuan, hasiko da Azalien asteburu kulturala, arratsaldeko 19:00etako inaugurazinoagaz. Ondoren, 19:30ean, erakusketea zabalduko dabe, eta 20:00etan Aiama eta  Mamushka! taldeen kontzertuak egongo dira. 

Urriaren 27an, zapatuan, nahi daben persona guztiak, ume zein nagusi, marraztera hurreratu ahal izango dira Kofradi Zaharrera, Barrueta Alkarteko kideakaz batera. 13:00etan Miss Baker taldearen kontzertuaren txandea izango da eta Raku, buztina lantzeko tailerrarena be bai. 20:00etan musikea barriro, Etxekalte eta DJ Blakáren kontzertuei esker.   

Urriaren 28an, domekan, barriro egongo da marrazteko aukerea, eta 13:00etan jantza ikuskizuna Katillotxu emakume taldearen eskutik. Ondoren, 13:30ean, DJ Gatazkaren musikeak giroa alaituko dau. 

Zapatuan, egun osoan, eta domeka goizean beste jarduera ugari be antolatu ditue: zeramikea, berbaldiak, bakarrizketak, olerki irakurketak, laburmetraiak, argazkiak, egurra lantzea, graffitiak eta birziklatutako eskulturak, besteak beste. 

Azalien asteburu kulturaleko ekimen guztien barri Kofradia Zaharreko kanpoko aldean jakinarazoko dabe, bertan zehaztuko dira egitaraua eta ordutegiak. Jarduera guztiak dobakoak izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu