'DA! asko dira' lelopean, Durangoko Azokeak bere aniztasuna aldarrikatuko dau
2018-10-23 13:24 KultureaAurtengo kartelaren egilea Txakur Gorria sormen kolektiboa da.
Abenduaren 5etik 9ra izango dan Durangoko Azokeak 53. edizinoko kartela eta arlo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 23, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. DA! asko dira! izango da aurtengo leloa, Azokeak bere aniztasuna aldarrikatuko dauelako aurten. Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da aurtengo kartelaren egilea.
Aurkezpenean, Gerediagako eta Azokako guneetako ordezkariakaz batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dabe: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak be egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari legez.
Gerediaga alkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu dau edizino honetako lelo nagusia. Euskal kulturea oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azokea. Kulturearen plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataformea, jaia, errituala, topalekua.... Nabarmendu dauenez, Durangoko Azokea bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: DA! biziteko modu asko dago. Batek Azokea ikusi egiten dau, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, akaso usaindu, edo probau, askok irakurri eta beste hainbatek sentidu.
Azokako aniztasuna izango da, beraz, 53. edizinoko ezaugarri nagusietako bat, izan be, Nerea Mujikak azpimarratu dauenez, sormenaren lurraldea anitza da, esangura fisiko eta metaforikoan: 'Bertan batzen da sortzaile barria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardistea nahiz herrikoia eta komertziala zein apurtzailea.
Aniztasun hori presente egongo da Azokako egitarauan: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu desbardinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emonaldiak, umeentzako tailerrak... Eta anitzak dira Azokan topau daitekezan produktuak (nobelea, saiakerea, poesia-liburua, komikia, diskoa, biniloe, ikus-entzunezkoak...) edo bisitariak: Bertako korridoreetan gurutzatzen dira urtero gabonetako opariak erostera etorten dan bikotea, lehen aldiz Azokara etorri dan lagunartea agendea goitik behera begiratuta, eta nobedadeen bila datorren kulturzale amorratua.
53DA! kartela, Txakur Gorriaren eskutik
Aurtengo nondik norakoak azaltzeaz gan, gaurko prentsaurrekoan edizino honetako kartela be aurkeztu dabe; Txakur Gorria sormen kolektiboa da 53DA!-ko kartelaren egilea. Mujikak gogoratu dauenez, azken urteetan ibilbide luzeko artistei agindu deutsegu enkargua eta benetako ohorea izan da Nestor Basterretxea, Itziar Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers eta Jose Antonio Sistiaga lako artisten arte plastikoakaz osotzea Azokea. Baina Azokea etenbarik bizibarritzen dago eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile barriengana jo nahi izan dogu.
Txakur Gorria sormen kolektiboa Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osotzen dabe: Oso oso pozik jaso genduan Durangoko Azokako eskaerea, ilusino handia egin euskun. Azokeagaz hartu-emon estuak ditue; aurreko urte bietan erakusleihoa izan dabe kulturearen plazan: Aurtengorako be desietan gagoz.
Kartelean Landakon jazoten diran mobimentu guztiak islatu nahi izan ditue: DA!-ri erritual izakerea autortzen badeutsagu, interesgarria da bertan antzezten dogun performanceari erreparetea. Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan performatzen ditugun mobimentu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina legez: sarrerea, urtekerea, geldialdia, orrialdeak pasetako keinua, besarkadea... Mobimentu anitzak baina osogarriak, armonikoak, mobimentu handiago baten parte eta horren alde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!