Kubaren eta Euskal Herriaren arteko hartu-emonak, 'Kokuioak' aldizkarian

Bizkaie! 2018-10-22 13:29   Kulturea

Lehenengo alea kalean da dagoeneko, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Etxepare Euskal Institutuak Habanan dauen Euskera eta Euskal Kultura Irakurletzeak bultzatuta, argitalpen barri bat jaio da, Kokuioak izeneko ikerketa aldizkaria hain zuzen. Bertako irakurle Joseba Sarrionandia idazlea da proiektuaren arduradun eta koordinatzailea.

Euskal Herriaren eta Kubaren, edo zehatz esanda, euskaldunen eta kubatarren arteko hartu-emonak jorratuko ditu aldizkari barriak, hainbat ikuspegitatik. Literaturearen, historiaren eta etnografiaren alorretatik helduko deutsie gaiari, besteak beste.

Lehenengo alea dagoeneko eskuragarri dago papelezko bersinoan. Pamiela argitaletxeak plazaratu dau. Dana dala, Etxeparek aurreratu dau hurrengo aleak ez dirala papelean agertuko, digitalean baino ezin izango dira irakurri.

Lehenengo alean, Lope de Aguirreren inguruko testua irakurri leiteke, baita barra izeneko kirolari buruzko idatzia be. Dagoeneko desagertuta dago kirol hori. Habanako Unibersidadeko irakasle batek 1933an euskerearen inguruan emondako berbaldia be ekarri dabe Kokuioak-en orrietara. Kuba eta Euskal Herrian ekarpena egin eben hainbat personaren ibilerak be aitatu ditue: Jesús de Sarría pentsalaria, Ernest Hemingway idazlea eta Andrés Untzain pilotari eta abadea.

Lan luze horreekaz batera, dozena bat testu laburrago be badakarz argitalpenak: olerkiak, kantuak, jazoerak, gutunak... Kolaboratzaileen artean honeek dagoz, besteak beste: Josu Landa, Mexikoko UNAM-eko irakaslea; Alexander Ugalde, EHU-ko irakaslea; Koldo San Sebastián eta Bingen Amadoz kazetariak; Sindo Garay musikaria; eta Edorta Jimenez, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren idazleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu