Noka Mentoring, euskal emakume zinemagileen ikusgaitasuna indartzeko

Bizkaie! 2018-10-22 07:55   Kulturea

Hiru zinema-proiektu hautatu eta, urtebetez, izen handiko 12 aholkularien laguntzinoa izango dabe.

Ekimenaren aurkezpena gaur goizean egin dabe, Bilboko Azkuna Zentroan, Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinema topakeetaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Zinemaldiko zuzendariorde Maialen Beloki eta, hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko buru Aitziber Atorrasagasti izan dira programa barriaren nondik norakoak azaltzeko arduradunak; programearen bitartez, hiru zinema-proiektu hautatuko dira, hirurak luzemetraiak, eta urtebetez, 12 mentoreen bidez, formazioa eta aholkua eskainiko jake. Babesa eskainiko daben mentoreak nazinoarteko zinemagintza industriatik aukeratuak izango dira, euren prestigioa eta ibilbideagaitik. Emakumeen presentzia ikus-entzunezkoaren sektorean gizonezkoaren azpitik dago. Hori horrela izanda, programa hau beren beregi sortu da emakume zinemagileen jarduna sustatzeko. Alkartzeko gune edegiak eskaini nahi doguz zinemagile ekintzaile barriek ibilbide azpimarragarria daben mentoreakandik ikasi deien, euren ezagutzea, esperientzia eta kontaktu-sarea hobetuz. Euren ikusgarritasuna sustatu nahi dogu, bai eta euren indarra sektorean be, azaldu dau Muñozek.


Deialdia zabalik, gaurtik aurrera

Mentoring eta laguntza programa hau hastear dago eta gaur bertan edegi da proiektuak aurkezteko epea. Deialdia abenduaren 14an zarratuko da, eta interesatuek noka@zineuskadi.eu helbidera zuzendu beharko ditue eskaerak (deialdiaren zehetasunak eta bialdu beharreko materiala Zineuskadiren webgunean konsultau daiteke, gaurtik aurrera).

Luzemetraiak egiteko zinema-proiektuak dituen Euskadiko emakume zinemagile guztiek emon leikie izena Noka Mentoringen, proiektuak fikzinokoak, animazinokoak edo dokumentalak izan daitekezalarik. Proiektuak hautatuko dituan batzordeko kideak honako honeek izango dira: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Pau Guillén (Zinegoak) eta konfirmau behar dan hirugarren pertsona bat, bai eta Zineuskadiko Jara Ayucar be. Batzorde honek hiru proiektu hautatuko ditu, istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua edota proposamenaren nazinoartekotzeko ahalmen komertziala kontuan hartuz.


Programa barria

Mentoring programa hau urtebetekoa izango da, 2019ko urtarriletik abendura arte. Hamabi mentoreak nazinoarteko zinemagintza industriaren barruan hautatuak izaten dira, eta Aitziber Atorrasagastik lehenengo izenak baieztatu ditu gaur: Anahí Berneri zuzendari eta produktore argentinarra, Itziar García Zubiri produktorea (Arena Comunicación) edota Punto de Vista Jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortega izango dira zinemagile barriak lagunduko dituen mentoreetako batzuk.

Hautapen Batzordearen zeregina izango da mentore bakotxari jagokozan proiektuak ezartzea, horreek zinemagileen interes eta helburuen arabera erabagiz. Hori lortzeko, lehenengo harreman bat bideratuko da antzeko mentoring proiektuetan eskarmentua daben profesionalakaz, lan-poltsa bat osotzeko asmoz.

Gaurko aurkezpenean adierazo dabenez, programearen ardatzetako bat partaideen eta mentoreen arteko hartu-emonak izango dira ardatz, lan ona egiteko oinarria konfiantzea eta alkarrizketa egokia lortzea izango baita. Beraz, parte hartzen daben zinemagileen sormen-bilakaerea eta garapen profesionala lortu nahi da. Mentoreen eginkizuna izango da, baita hautatuko zinemagileakaz bilerak lotzea hiru hilebeterik behin, horreetan esperientziak eta aholkuak konpartiduteko. Sortuko diran taldeen esku egongo da saio horreen funtzionamendua, baina derrigorrez jorratu beharko dira programearen oinarrizko gaiak eta landu beharko ditue proiektuak nazioarteko ikus-entzunezko merkatuetan aurkezteko tresnak.

Partaideek mentore edo aholkulariakaz Skype bidezko saio bat egiteko aukeera izango dabe hiru asterik behin, eta horreetan euren lanaren helburuak eta metodologiak ezarriko dira. Horrezaz gan, jarraipen/aholkuprozesuan lau jardunaldi jarraian jasoteko eskubidea izango dabe, hiruhileko bakotxean eta Tabakaleran. Tutoretza aste hori baino lehenago, hautatutako zinemagileek txosten bat emongo deutse mentoreei, lanaren bilakaerea eta helburuak zehaztuz.

Mentoreek bete beharreko funtzinoen artean honako honeek dagoz: parte-hartzaileen zalantzak eta zailtasunak ezagutzea; praktikea emongo dan lekuan bisitea egitea (Tabakalera); euren garapen- plangintzeagazko ikuspegi barriak lantzeko aholkatzea; antolakuntzan zein maila teknikoan izan leikiezan oztopoei aurre egiten laguntzea; ikasteko bide barriak frogatzen ausartzea; edo daben kontaktu-sarearen zabalkundea sustatzea.


Beste jarduera batzuk

Programa honen barruan, bestelako jarduerak be antolatuko dira (masterclass, brunch bat zinemagileakaz, mahai-inguruak, barriketaldiak, etab), nazinoarteko ikus-entzunezko industriaren oraina eta etorkizuna lantzeko alkarguneak sortzeko eta euskal zinema industriaren egiturea indartzeko asmoz.


Zinemagileak Euskadin

Programeak Euskadiko emakume zinemagileen lana sendotu nahi dau, izan be, Joxean Muñoz sailburuordeak adierazo dauenez, 2016an Kultura Behatokiak emakumeak sektorean dauen indarraren inguruan plazaratutako datuak ezagutu ondoren sortu zan. Azterlan horrek jaso ebanez, formazino espezializatuan matrikuletan diranen % 60 emakumeak badira be, zuzendarien % 30 baino ez dira emakumeak eta, bestetik, zinema-gidoiak lantzeko Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntzak jasoteko aurkezten diran profesionalen % 19,7 baino ez dira emakumeak. Era berean, emakumeak ikus-entzunezko enpresetako profesionalen % 40,5 izan arren, ardura handiko lanpostuetan % 25 baino ez dira. Egoera honen ondorioz, zinemea da ardura handiko postuetan emakume gitxien dituan sektorea kulturearen munduan. Azkenik, lanpostu artistikoen % 36,1 baino ez ditue beteten emakumeek.

Zineuskadiren lana eta ekarpena ezinbestekoa izan da proiektua abian jarteko. Zineuskadi euskal sektorea sustatzeko sortutako alkarte bat da eta honakoak dira bere bazkideak: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Euskal Irrati Telebista, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Euskadiko produktore elkarteak: IBAIA eta EPE-APV.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu