Luis Sepulveda eta Isaac Rosa Bilbon, 'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean

Bizkaie! 2018-10-19 12:29   Kulturea

Hitzordua José Blanco kazetariak aurkeztuko dau.

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udalaren ekimenak, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa idazleak batuko ditu datorren martitzenean, urriaren 23an, literaturearen eta konpromiso ideologikoaren inguruko topaketan.

Ohikoa danez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sartzea librea izango da leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Topaketea Jose Blanco poeteak gidatuko dau, eta berbagai izango dituen gaiak, besteak beste, egileak irakurleakaz dauen konpromiso personala, literaturearen eta ideologiaren artean ustez dagoan bateraezintasuna, sortzeko askatasuna, bere lanari aurre egiteko orduan idazlearen lehentasunak, testuaren bitartez dana dalakoa aldarrikatzeko beharra edo literatureak gauzak aldatzeko, bidebakokerien kontra burrukan egiteko, dauen benetako gaitasuna.

Luis Sepúlveda (Ovalle, Txile 1949) mundu osoan gehien irakurten dan Latinoamerikako idazleetako bat da. Oso gaztetatik geografiaren eta utopien ia lurralde posible guztiak ezagutu ditu, eta gorabeheraz betetako bizitza horren barri emoten jakin dau, istorioen kontatzaile bikaina izanik, kontakizun eta eleberri ederretan. Idazlearen jarrera politikoaren eta sozialaren barruan, planetearen desorekeak eta gizateriaren etorkizunak sortzen deutson ardurea azpimarratu behar da. Haren lan zabalean, Historia de una gaviota y del gato que le enseñó a volar eta Un viejo que leía novelas de amor best-sellerrak nabarmendu daitekez. Egilearen ibilbideko beste lan azpimarragarri batzuk ondokoak dira: Mundo del fin del mundo, Nombre de torero, Patagonia Express, Desencuentros, Diario de un killer sentimental, Yacaré, La lámpara de Aladino, Historia de un perro llamado Leal eta El fin de la Historia; azken hori, nazinoarteko thrilerra eta Txileko diktadurarako lan egin eben borreroei buruzko azterlan historikoa da.

Isaac Rosak (Sevilla, 1974) hainbat eleberri idatzi ditu, horreen artean ¡Otra maldita novela sobre la guerra civil! (2007); 2005ean, Rómulo Gallegos Saria, Ojo Crítico Saria eta Kritikaren Andalucía Saria irabazi zituan eta La vida en rojo izenburuagaz zinemara eroandako El vano ayer (2004); editoreek urteko eleberri onenari emoten deutsien J. M. Lara Fundazinoaren Saria irabazi eban El país del miedo (2008); La mano invisible (2011); La habitación oscura (2015) eta Feliz Final (2018) bere azken eleberria. Haren lanak hainbat hizkuntzatan irakurri daitekez, eta sarritan ibilten da Zona Crítica-n, eldiario.es egunkari digitalaren blog-ean, baita El Jueves aldizkarian be.

2007. urtearen hasieran, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, egitarauaren helburua literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literatueraren genero batean oinarrituta, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidautako personakaz egindako jentaurreko barriketaldiaren bitartez.

Ondokoakk dira igaz, Eztabaidak literatureagaz eklimenean parte hartu ebenak: Gabriela Ybarra eta Carlos Pardo, Xabier Olarra eta Harkaitz Cano, Mayte Carrasco eta Álvaro Colomer, Lucien Etxezaharreta eta Lander Garro, Gabi Martínez eta Patxi Irurzun, Toti Martínez de Lezea eta José Luis Corral, Mikel Martínez eta Patxo Telleria, Lorenzo Silva eta Carme Riera, Elvira Navarro eta Iban Zaldua, Fernando eta Luis Marías anaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu