'Haur besoetakoa' saileko bigarren komikia, kalean
2018-10-19 11:22 KultureaUnai Iturriaga eta Alex San Vicente dira egileak.
Euskerazko gaur egungo komikigintzearen babesleku garrantzitsuenetako bat dan Xabiroi bildumako hamaikagarren zenbakia plazaratu dabe egunotan: Haur besoetakoa, Paristik datorren artista. Unai Iturriagak eta Alex San Vicentek orain dala urte batzuk plazaratutako Litxarrerien jauna komikiagaz lotuta dago, Haur besoetakoa saileko bigarren alea da aurkeztu barri dana. Ikastolen Alkarteak argitaratu dau, Xabiroi bilduman.
Pertsonaia ezaguna da HB, Unai Iturriagaren eta Alex Sanviren Haur besoetakoa saileko protagonistea, Xabiroi aldizkarian be haren abenturak atera izan dituelako lantzean behin. Mutil gaztea dan arren, mafioso baten itxurea eta jarrerea ditu. Ume eta gazteentzako istorioa da, umeen munduan kokatua, baina komiki ganberroa dala zehaztu dabe egileek.
Saileko bigarren istorio hau lehenengoaren jarraipena da, baina, lau urteko epean, gauzak asko aldatu dira Litxarrerien Jaun izan zan mutil gaztearentzat. Hartara, igesalditik bueltau, eta bere lekua berreskuratzeko ahalegina egingo dau HBk. Nobela baltz estiloko istorio honetan, egia biribilak izkutau dituela dinoe Iturriagak eta Sanvik.
Donostiako Komikigunean egindako aurkezpenean, Xabiroi proiektuak euskal komikigintzeari egindako ekarpena azpimarratu dau Nekane Artola Ikastolen Alkarteko lehendakariordeak. Xabiroi bildumearen orain arteko lanagaz harro dagoala adierazo dau. Abenduan helduko da aldizkariko 50. alea 13.000 harpidedunen etxeetara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!