Rock oinarria dauen diskoa aurkeztu dau Hara!-k

Dabi Piedra 2018-10-18 12:32   Musikea

Eguneroko arazo eta ardurei euren ikuspegitik begiratzeko ahalegina egin dabe Errotak lanean (Baga-Biga).

Mikel Arrieta eta Jon Kirru Iparragirre, diskoa aurkezteko ekitaldia hasi baino lehen | Ikusi handiago | Argazki originala

Hara! hirukote ondarrutarraren bigarren diskoa da Errotak, baina aldaketa handiak egon dira lan batetik bestera. Izan be, Jon Kirru Iparragirre da hasierako hirukotetik geratzen dan bakarra, eta, orain, kide barri bi ditu: Mikel Arrieta baxu jolea eta Aitor Lazkano bateria jolea.

Ganerakoan, baina, betiko estiloari eutsi deutso Hara!-k, Jon Kirru Iparragirre beste talde batzuetan ebileneko eraginak nabarmenak dira. Iparragirrek berak azaldu dauenez, rocka dago Errotak diskoaren oinarrian, baina rock edegia da, konplexurik bakoa: Beste estilo batzuetan sartu-urtenak egiten doguz, gero rockera bueltetako. Batez be, 1990eko hamarkadako rockaren eragina dauka lan barriak. Dana dala, abesti batzuetan pop estilora be jo dabe.

Eguneroko gauzei begiratu deutsie diskoak dakarzan zortzi kantetan, baina ikuspegi subjektibotik, Iparragirreren arabera. Kritika politikoa, gai sozioekonomikoak, genero ikuspegia eta abar lantzeko abiapuntua izan dira eguneroko bizipenak. Emozinoa transmitiduten ahalegintzen gara, musikea eta berbak buztartuta lortzen dan emozino hori, ganeratu dau Iparragirrek. Sinpletasunera jo dabe, abestien arimara.

Errotak diskoko doinu ilun baina indartsuak begiz be jasoko ditue zaleek. Izan be, Leire Urrutiak egin dau azalaren diseinua, diskoaren maminagaz bat datozan kolore baltz eta gorriak nahastauta. Mutrikuko AME estudioetan grabau dabe Errotak, Axular Arizmendi teknikariaren laguntzinoagaz.

Zuzeneko kontzertu batzuk be lotuta daukaz Hara!-k. Zemendiaren 2an aurkeztuko ditue disko barriko kantak Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, eta, hil horren 24an, Donostian joko dabe. Abenduan, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu