Delorean taldeak agur esango dau
2018-10-18 10:35 Musikea18 urteko bidea egin dabe zarauztarrek.
Mende honetako lehenengo hamarkada bietan zeresan gehien emon daben euskal taldeetako bat da Delorean, etxean eta atzerrian izandako oihartzunari kasu egin ezkero, behinik behin. Baina euren ibilbidea laster amaituko da, taldekideek ohar baten bidez jakitera emon dabenez. Aho batez hartutako erabagia izan dala dinoe, eta horrek lasaitasuna emoten deutsela.
Abeslari batek inoan betikotzat doguna ez dala eternoa izaten, eta gu ez gara salbuespen izan. Holan hasi dabe agurreko testua Deloreanekoek. Ibilbide luze eta oparoa izan dabenik ezin da ukatu. 2000. urtean sortu zan taldea, Zarautzen, eta harrezkero zortzi disko atera ditue. Euskal Herritik mundura, herrialderik exotikoenetako batzuetan jo dabe: Vladivostok, Manila, fiordoak... Eta New Yorken, esate baterako, hogei kontzertu inguru ditue emonda.
Hain zuzen be, ibilera horreetan bizi izandako guztia gogoan hartu nahi izan dabe agurrean: Uste bako lekuetan emon doguz kontzertuak, uste bako ikus-entzuleentzako. Ahaztezineko esperientziak bizi izan doguz, eta jente zoragarria ezagutu, bai hemen bai atzerrian. Mundua pixka bat gehiago ezagutzen dogula esan daiteke, eta agur esaten dogun egun honetan ez daukagu hau guztia bihotzez oroitu besterik.
Urte honeek guztiek taldekideak aldatu dituela onartu dabe. Dana dala, betiko pentsamenduari eutsi deutsie, artea eta musikea benetan diranari leial izanik hartzen dogu erabagia, hau da, desio doguna eginaz, egiten doguna desiatuz.
Deloreanek agurra iragarri dau, baina zaleek izango dabe oraindino hareen musikaz disfrutetako aukera ugari. Batetik, urtea amaitu arte iragarrita izan dituen kontzertu biei eutsiko deutsie, abenduaren 7an Donostian eta 30ean Iruñean. Bestetik, agurreko birea antolatuko dabela aurreratu dabe, baina data eta leku zehatzen barri geroago emongo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!