Andrazkoen Esku-pelotako I Bizkaia Torneoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2018-10-17 13:54   Kulturea

Urriaren 26an Bizkaia Frontoian hasiko da.

Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputaduak Andrazkoen Esku-pelotako I Bizkaia Torneoaren zehetasunak ezagutarazo ditu. Euren jokoa dala-eta lehen aldiz kiroleko lan kontratua izango daben amateur mailako hamabi pilotarik jokatuko dabe txapelketan. Esku-pelotako zortzi partiduak Bizkaia Frontoian jokatuko dira eta finala zemendiaren 17an jokatuko da.

Lorea Bilbaoren eretxiz, emakumeen presentzia kirolean Aldundiaren erronketako bat da eta, horregaitik egingo da aurten lehenengo aldiz Andrazkoen Esku-pelotako I Bizkaia Torneoa. Bertan, zelan ez, kiroleko lan-kontratu egin deutsegu pelotariei. Kalidadezko txapelketa bat egin nahi izan dogu, eta berme guztiakaz; eredu izan nahi dogu egunero jokalekuan euren onena emoteko ahalegina egiten daben emakume pelotarien bultzadeari jagokonez. Bestalde, gure pelotariak beste emakume eta neskentzako eredu izatea da gure asmoa, euren urratsak jarraitu deiezan eta emakumeen artean esku-pelotan olgetako zaletasuna hazi daiten.

Guztira sei bikotek jokatuko dabe eta ETBk emongo ditu esku-pelotako finalak. Esku-pelotako emakumeentzako txapelketea urriaren 26an hasiko da, partidu bigaz (Ainhoa Urien-Maider Mendizábal vs Amaia Araiztegi-Maite R. de Larramendi eta Miren Larrarte-Mirian Arrillaga- vs Olatz Arrizabalaga-Olatz R.Larramendi); zemendiaren 2an, txapelketako bigarren jardunaldian, beste partidu bi jokatuko dira (Patri Espinar-Maddi Mendizábal vs Amaia Araiztegi-Maite R. De Larramendi eta Miren Larrarte-Mirian Arrillaga vs Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz); hirugarren jardunaldia, ostera, zemendiaren 9an izango da (Patri Espinar-Maddi Mendizábal vs Ainhoa Urien-Maider Mendizabal eta Olatz Arrizabalaga-Olatz R.Larramendi vs Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz). Zemendiaren 17an finalaurrekoa eta finala jokatuko dira Bizkaia Frontoian.

Esku-pelotako txapelketaz gan, paletako txapelketea be jokatuko da abenduaren 8tik 28ra bitartean. Txapelketa bakotxean, liga sistemearen bidez talde bitan banatuko diran 6 bikotek jokatuko dabe eta talde bakotxeko irabazlea pasauko da finalera.


Txapelketako araudia

12 pelotarik (6 bikote) hartuko dabe parte.

3 bikotez osotutako 2 multzo egingo dira. Itzuli bakarreko Liga erara jokatuko da multzo bakotxeko bikoteen artean.

Partidu bi jokatuko dira astero, partidu bat multzo bakotxeko.

Partidu bakotxeko irabazleak puntu bi irabaziko ditu eta galtzaileak bakarra.

22 tantutara jokatuko dira partiduak.

Bikoteen arteko bardinketea izan ezkero, euren arteko partiduetan tantu gehien egiten dituana sailkatuko da. Halan da be, bardinketeak jarraituko baleu, bikote gazteena sailkatuko da.

Multzo bakotxeko lehena finalerako sailkatuko da. 3. eta 4. posturako, barriz, bigarrenak.

Ez dago partiduak atzeratzeko aukerarik.

Araudi honetan ez zehaztutakoak, federazinoaren araudi orokorrak ezarriko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu