Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketako finalak urriaren 18an hasiko dira

Bizkaie! 2018-10-17 12:15   Musikea

Sailkapen fasea irailaren 13an hasi zan eta 900 persona inguruk ikusi dabe lehiaketako 32 kontzerturen bat.

Europako musikearen panoraman aitzindaria dan lehiaketako finalak hiru egunetan egingo dira: Urriaren 18an, eguenean (Pop-Rock), hilaren 19an, barikuan (Metal) eta hilaren 20an, zapatuan (Urban). Kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira arratsaldeko 20:00etan eta streaming bidez ikusi ahal izango dira Bilbao Gazte webgunean.

Bilboko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako musika-taldeentzat antolatzen dau lehiaketea, euren talentua bultzatzeko eta zabaltzeko eta Estadu zein nazinoarteko beste talde batzuekaz batera joteko aukerea emoteko.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketearen 23. edizinoak badaukaz finalistak: Danetara, 32 talde aukeratu ditue Europako musika arloan eredu dan lehiaketa honetan parte hartzeko; horreetatik bederatzi, hiru kategoria bakotxean, bihartik aurrera, urriak 18tik, joko dabe azken fasean. Holan, bada, hiru egunetan, egun bat kategoria bakotxeko, Bilborock aretoan izango dira 2018ko edizinoko azken kontzertuak, 20:00etan hasita:

Pop-Rock (urriaren 18an, eguenean):

•WIZARD (Frantzia).
•MAMA KILLA (Frantzia).
•KINGS OF THE BEACH (Pontevedra).

Metal (urriaren 19an, barikuan):

•MANIPULATION (Polonia).
•INCURSED (Bizkaia).
•PERPETUAL NIGHT (Granada).

Urban (urriaren 20an, zapatuan):

•TTUN TTUN BRIGADE (Bizkaia).
•SHINTOMA (Bizkaia).
•BEATLOVE (Sevilla).

Sailkapen fasea irailaren 13an hasi eta urriaren 5ean amaitu zan; 900 persona inguruk ikusi dabe lehiaketako kontzerturen bat. Ikusleek kontzertuen kalidadea azpimarratu dabe. Taldeen azken aukeraketea egiteko, kontuan hartu da epaimahai profesional baten balorazinoa eta ikusleen eretxia. Lehenengoan, musikearen arloko 11 espezialista izan dira, bost Pop-Rock modalidadean eta hiruna Metal eta Urban kategorietan. Ikusleek, ostera, botoa emon ahal izan dabe sailkapeneko kontzertuen ondoren.


Sariak

Talde finalistak sari honeekk eskuratzeko lehiatuko dira:

Pop-RockaMetalaUrban

1.4.000 euro 4.000 euro 4.000 euro
2.2.000 euro 2.000 euro 2.000 euro
3.1.300 euro 1.300 euro 1.300 euro

Era beran, 1.000 euroko balioa dauen epaimahaiaren sari berezia be emongo jako finalista izan ez dan Bizkaiko talde edo bakarlari bati, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa emon guran. Eskudirutan banatuko diran sari horreez gan, babesleen zenbait sari emongo ditue:

- Bilborock saria – 100 ordu Bilborock aretoko entseguetarako lokalak erabilteko, Bizkaiko talde bati.
- Bilbo Uria saria – Kontzertua Bilborocken, Bizkaiko talde bati.
- Aste Nagusia saria – Kontzertua Aste Nagusian, Bizkaiko Pop-Rock edo Metaleko talde bati.
- Azkena Rock saria – Kontzertua Azkena Rock Jaialdian, Euskadi edo Nafarroako talde bati.
- Resurrection Fest saria – Kontzertua Resurrection Fest Jaialdian, Metaleko talde bati.
- Shake saria – Kontzertua Shake aretoan, Pop-Rock talde bati.
- Kultura Live saria – Kontzertua Euskadiko areto batean eta 400 €, Euskadiko talde bati.
- Stereozona saria – Bideoklipa grabetea.
- Sonor saria – Gitarra akustikoa, Bizkaiko Pop-Rockeko gitarristarik onenari.
- Sonor saria – Afinetako pedala, Bizkaiko Pop-Rockeko baxu-jotzaile onenari.
- Magnetron-Sennheiser saria – Sennheiser mikrofonoa, modalidade bakotxeko abeslari onenari.
- Sarbide saria – 250 CDren edizinoa, kategoria bakotxeko talde irabazleari.
- Fnac saria – 100 euroko txartel bi, estaduko baxu-jotzaile eta gitarrista onenei.
- Letamina saria – Neurriko prestakuntzea, Bizkaiko talde gazte biri.


Webgunea eta streaming bidezko finalak

Bilboko Udalak Bilbao Gazte webgunea jarri dau zaleen eskura, webgune horretan konsultau ahal izan deiezan lehiaketeari buruzko informazino guztia, taldeei buruzko informazinoa, emonaldien bideoak, etab. Hautatutako talde bakotxak aurkezten dituan abestiak be izango dira bertan entzungai, eta streaming bidez ikusi ahal izango dira finalak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu