Hendaiako 'Ostatu Batuak' eta Garaziko 'Otsoaren 7 umeak' irabazle Xilaban

Bizkaie! 2018-10-15 08:40   Bertsolaritzea

Hurrengo saioak urriaren 19an: Saran eta Heletan.

Pasa den asteburuan, Gameren eta Altzumartan jokatu dira Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken lehen bi saioak. Barikuan, Hendaiako Ostatu Batuak taldea, nagusitu zan Gameren bertako Kantiniersak taldeagaz lehiatu ondoren. Saioa afari baten inguruan antolatu eta giro polita bizi izan zan bertan batutako bertsolari eta bertsozaleen artean.

Bigarren saioa zapatuan izan zan Altzumartan. Saio hau be afalostean izan zan, eta Otsoaren 7 umeak, Garaziko taldeak irabazi eban bertako Eskukula taldeko kideakaz lehia ederrean jardun ondoren.

Datorren asteburuan, beste saio bi jokatuko dira, bihak urriaren 19an. Bat, Sarako Trinketean, 20:00etan, eta bertso saioa izango da. Ezkorbrutak taldeak antolatzen dau saioa eta gomita Kosta ala Kosta taldeak jaso dau.

Bigarrena, Heletako gaztetxean izango da 19:00etan, bertso talo afari formatuan; antolatzailea Dilindan taldea izango da. Gomita jasoten duaen taldea, Sasi Bertsolariak.

Taldeka eginen da aurtengo Xilaba. Leku informaletan. Lagunarteko giroa helburu. Hamaika talde lehiatuko dira, hiru multzotan banatuak: A, B eta C. A multzoan: Kantiniersak, Ostatu Batuak, Ezkorbrutak eta Kosta ala Kosta. B multzoan: Eskukula, Otsoaren 7 Umeak, Kontrabanda eta Mattinsalto. C multzoan: Dilindan, Sasi Bertsolariak eta Tirrit. Kanporaketetan irabazten dauena sailkatuko da finalerdira, baita hiru multzoetarik puntu gehien atera dauen onenetan bigarrena be. Xilabako finala abenduaren 1ean jokatuko da, Baigorriko Plaza Xoko gelan.

Xilaba 2018

44 partaide izango ditu aurten Xilabak eta horreetako bi dira Andoni Zelaia eta Elixabet Etxandi. Lehen aldiz  kantauko dabe Xilaban, taldekako formulak erakarrita: Iparraldeko bertsogintzeak be behar eban leku informal hori txapelketearen girotik urruntzeko eta jentea barriro bereganatzeko. 

Udabarrian aurreratueben Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten dan Xilaba txapelketea taldekakoa izango dala aurten. Azken edizinoaren ondoren, txapelketearen egitura egokitzeko beharra sentidu zan, eta jarraian etorritako Bizkaiko Taldekakoak eta Gipuzkoako Herriartekoak zein sustraituta dagozan Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak eta Nafarroako Bardoek geratzen ziran beste hiru lurraldeetan taldekako egitasmoa egiten animau gaitue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu