Munduan nagusi izango dan Txina (II)

Zigor Aldama 2018-10-11 13:46   Bidaide

Txinatarrok jakinmin handia dogu, beti gagoz gauza barriei adi. Hori dala eta, aldaketak Mendebaldera baino bizkorrago datoz hona, dino Wang Chan-ek.

Europako Merkataritza Ganbareak Txinan daukan bulegoaren urteroko txostenaren arabera, Txina barrikuntzearen superpotentzia bihurtzeko bidean da. Galdeketea bete daben Europako enpresen % 61ek uste dabe Txinako lehiakideak euren pare edo hobeto dabizala barrikuntzan; 2017an baino % 15 gehiagok uste dabe hori, eta % 30ek ziurtatu dabe Asiako Erraldoiak urteotan sortu dauen giroa aproposagoa dala I+G arlorako.

Orain arte, Txina atzetik joan da. Beste batzuek diseinautako teknologiak erabili izan ditu eta, gehien jota, horreek hobetu ditu edo jente gehiagogana zabaldu, produkzino kostuak txikituta. Baina, orain, 5G lineak zabaltzetik etorriko dan iraultza barria gidatu nahi dau herrialdeak, adimen artifiziala eta Gauzen Internet, azaldu dau Xu Bin-ek, China-Europe International Business School-eko (CEIBS) dekanordeak.

Helburu hori beteteko, pixkanaka emoitzak ekarten dabilen prozesuari ekin deutsie: Gitxieneko soldatea 2.000 yuanetik gora dago probintzia gehienetan (265 euro); barruko konsumoa esportazinoen ganetik jarri da motore ekonomiko nagusien buruan, eta herrialdearen hazkundearen % 60 dakar; I+G+b arloko inbersinoa munduko bigarrena da; eta Txinako STEM ataleko ikasleak Estadu Batuetan halako bost dira (Zientzia, Teknologia, Injinerutzea eta Matematiken siglak dira horreek, ingelesez).

Ikasle askok atzerrian amaitzen dabe formakuntzea, eta Txinara bueltetan dira, hemen daukiezan aukera profesionalak Estadu Batuetakoak eta Europakoak baino handiagoak dira eta, azaldu dau Zhu Long-ek, Yitu-ko sortzaile eta presidenteak. Enpresa horrek adimen artifiziala lantzen dau eta gobernuagaz lankidetzan dabil, segurtasun sistemen ikerketan eta medikuntzeari aplikautako algoritmoetan.

Shanghaiko konpainia hau aitzindaria da, 2.000 miloeren artean persona bat segundu bian identifiketan daben arpegi-errekonozimenduko sistemetan. Aurrerapen hori martxan dago aireportu, geltoki eta beste azpiegitura askotan. Zhu-ren arabera, arpegien eta ibilgailuen errekonozimenduak seguruago bihurtuko dau Txina, baina badaukaz kontrako ugari be, errepresinoan erabilteko moduko tresnea emoten deutsalako gobernuari. Xinjiang eta Tibet eskualdeetan horretarako erabilten ditue, miloeka kamera dagoz han.

Guk teknologia garatzen dogu, baina ezin dogu esan zelan erabili, dino Zhu-k. Nahiago dau adimen artifizialak ekarriko dituan onurez berba egin, esate baterako, bankuen arloan -kutxazain batzuetan arpegia erakuste hutsagaz egin leitekez eragiketak-, edo osasungintzan -Txinako ospitaleetan, algoritmo batzuk probetan dabiz, ikuste hutsagaz dabizan probak egiteko, erresonantzia magnetikoak eta eskanerrak batez be-. Iraultza teknologiko baten atarian gagoz, gizaki izatea zer dan barriro definidu beharko dogu, azpimarratu dau. Eta Txina aro barri horretako gidaria izan leiteke.

Horregaz bat dator Wang Chan. MiJia markapean Xiaomi enpresa teknologikoa sortzen dabilen etxe adimendunaren arduraduna da bera. Gauzen Interneten ekosistemarik osoena da hori dagoeneko. Etxetresna ugari daukaz: aire girotutik arroza egiteko lapikoetara, zapatilla adimendunak, aspiragailu-robotak eta bideozaintzako kamarak ahaztu barik. Produktu horreek guztiek ezaugarri bi ditue: Lehiakideenak baino merkeagoak dira eta eskuko telefonoaren bitartez kontrolau leitekez, hau da, Txinan beste inon baino gehiago produziduten dan tresna baten bitartez.

Gure helburua teknologiara demokrazia ekartea da, horregaitik erabagi dogu geure produktu teknologikoetatik aterako dogun irabazia ez dala inoz % 5etik gorakoa izango, ganeratu dau Xiaomiko marketing arduradun Donovan Sung-ek. Markeak menpeko ia ehun enpresatan daukaz inbersinoak, start-up eran teknologia barriak garatu deiezen, eta ondoren Xiaomiren salmenta-kanaletan sartu daitezan. Guk diseinu eta teknika arloko estandar batzuk ezarten doguz, baina enpresek autonomia zabala daukie. Formula horren bidez, barrikuntzea bultzatzen dogula eta talentu gazteei aukerak emoten deutseguzala uste dogu, dino Wang-ek.

Danen ustez, loraldi honen giltzarria ez da gobernuaren babesa, ezpada herritarren lan egiteko modua. Txinatarrok jakinmin handia dogu, beti gagoz gauza barriei adi. Hori dala eta, aldaketak Mendebaldean baino bizkorrago datoz hona, teknologia eta produktu barriak ziztu bizian garatzeko bultzadea da hori enpresarientzat, dino MiJiako arduradunak. Bere ustez, eskuko telefonoaren bidezko ordainketetan Txina munduko lider izatea, horri esker da. Baita ekonomia kolaboratiboan aurre hartu izana be, alor horretara besteak baino beranduago helduta be. Horrezaz gan, eskala-ekonomia eta merkaduaren homogeneotasuna be arrazoi esanguratsuak dira, zehaztu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu