Estilo ugari jorratu ditu Eraso!-k zazpigarren diskoan
2018-10-11 10:42 MusikeaSei kantu dakarz Inoren lurretan diskoak.
Ibilbide luze eta oparoan, beti doinu indartsuen alde egin dau Eraso! talde zarauztarrak , baina estilo bakar batera mugatu barik (punk, rock, metal... lantzen dabe). Inoren lurretan lan barriak aniztasun hori guztia batzen dau, musikeak emoten dituan aukerak goitik behera aztertu ditue.
Hori bai, arnasea hartzeko tarte barik buztartu ditue horreek estilo guztiak, diskoak 26 minutu eta sei kanta baino ez ditu eta. Horregaitik, taldeko kideek errusiar mendi bategaz konparau dabe Inoren lurretan. Ordu erdi eskasean, entzuleak doinu gogor eta sendoak topauko ditu, baina baita musika lasaiago edo melodikoagorako tarteak be.
Eraso!-ko kideek dinoenez, euren disko guztiak desbardinak dira. Estilo bakar baten be ez kateatzeko erabagi horrek batzen ditu lan guztiak, hain zuzen be. Zazpigarren diskoa dabe Inoren lurretan, eta aurreko seiretako zertzeladak topauko ditu entzuleak. Dana dala, orain arte bizi izan bako momentu batera heldu dirala autortu dabe taldekideek, soinu eta konposizino aldetik.
Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri taldekideak idatzi ditu kanta guztiak. Beste kideak Nestor Urdanpilleta, Ibai Castro eta Iñigo Beitia dira. Zestoako Gaztain estudioetan grabau dabe Inoren lurretan, Eñaut Gaztañagaren laguntzino teknikoagaz.
Kokein taldeko Zaloa Urainen kolaborazinoa izan dabe Hodei beltzak abestian. Kokein eta Eraso! sarri ikusi doguz oholtzan alkarregaz, eta hartu-emon horretatik era naturalean etorri da kolaborazinorako aukerea. Beharbada, Hodei beltzak da diskoko kantarik desbardinena, taldekideen ustez. Diskoko beste kanta bat Algoritmo bat izenekoa da, eta horren bideoklipa hemen ikusi leiteke.
Inoren lurretan birea egingo dau Eraso!-k hurrengo asteetan, disko barriko kantak zuzenean joteko. Lehenengo hitzordua Urretxu-Zumarragan izan eben, Kilometroak jaian. Hurrengo kontzertua Bilbon joko dabe, Satelite T aretoan, urriaren 13an. Ondoren, Tolosako Bonberenean (urriak 26), Barakaldon (zemendiak 17), Iruñean (zemendiak 23) eta Amurrion (abenduak 14) izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!