'Euskaraldia Sorginzulon' urriaren 20an izango da Punta Begoña Galerietan
2018-10-10 08:03 KultureaGONBIDAPENAK AGORTU EGIN DIRA.
Datorren urriaren 20an, Punta Begoña Galerietan izango dan Euskaraldia Sorginzulon, Fredi Paia getxotarrak sustatutako ikerkuntza etno-toponimikoan oinarritutako antzezpena aurkeztu dabe egunotan Getxoko Udalak, Unesco Katedreak, eta Euskaraldia Batzordeak. Lanaren gidoigilea Toti Martinez de Lezea izan da eta agirian itxiko dau Galerien beheko partean orain 100 urte egoan kobazuloa. Aitatutako lana Foru Aldundiaren Ondarea, emakumeen emaria Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da, besteak beste, toki eta izenaren gomutea eta emakumeen protagonismoa berreskuratzeko balio izango dauelako, baita Euskaraldiaren barruan be, gure historia euskera barik ezin danez ulertu, datorren hilean euskerearen erabilerea sustatzeko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketearen helburuakaz bat datorrelako.
Momentu honetan Punta Begoña Galeriak erabarritzeko prozesuan gagoz eta ganera bere erabilera soziala sustatzeko konpromisoa hartu dogu. Esangura horretan mueta askotako hamaika jarduera egiten dabiz berton, erakusketak, bisitak, hau lako prentsaurrekoak, eta egun batzuk barru, urriaren 20an, kobazulo horren barri emongo dauen Euskaraldia Sorginzulon antzezkizuna. Ekitaldia bat dator Punta Begoña Galeriaren helburuakaz, hau da, erabarritzeko, eta herriaren erabilera ondarea sustatzeko. Uste dogu oso lan berezia eta politagaz gozetako aukera izango dogula, gure historiaren parte bat berreskuratzen lagunduko dauena eta, aldi berean, emakumeen protagonismoa, bere izenaren bitartez, eta euskerearen erabilerea sustatzen lagundu nahi dauena, azpimarratu dau Koldo Iturbe Euskera zinegotziak.
Bardin antzean egin dau berba Maider Maraña, Unesco Katedrako ordezkariak, nabarmendu dauelako kultur paisaje eta ondareak gizartearen garapenean daben zeregin garrantzitsua eta horreek ikasten dabilela Unesco Katedrea, disziplina anitzetatik. Egiturak urteetan zehar pilatutako informazioa ikertzen dago Unesco, datozen belaunaldiek horren barri izan deien. Ekitaldi honetan paisajea, toponimia, generoa, euskerea eta bertoko gomutea batzen dira, Galerietan Getxoren arimea gordeta baitago, gomutearen bidez eta mueta honetako ekitaldien bidez ezagutu daitekeena, azaldu dau Maider Marañak.
Euskaraldia Sorginzulon ikuskizuneko aktoreak, Olatz Ganboa eta Mayte Bayon getxotarrak dira. Musikea zuzenean izango da Afrika Bibang kantari (Getxoko Euskaraldiaren hamaikako bat) eta Ignacio Libano piano-jole getxotarren eskutik, udalerriko Andres Isasi Musika Eskolako Musikalia bandeagaz batera. Bizkargi jantza taldeak be parte hartuko dau.
Ikerketa etno-toponimikoa Euskaraldiaren mesedetan
Fredi Paia ikerlaria eta Euskaraldiaren Getxoko koordinatzaileak azaldu dau ekitaldiak, Euskaraldiak legez, euskerea erabilteko motibetako ariketea izan nahi dauela, eta ganera, kasu honetan, euskerearen begiek paisajearen irudia aldatzen lagundu nahi dabe, diktadureari lotutako toki bat izatetik emakumeen gunearen irudi bihurtzeko. Paiak azpimarratu dau muntaketan dagoan partaidetza getxotar zabala, baita egun berean euskeraz eta gazteleraz egiteak dauen zailtasuna be.
Fredi Paiak gogora ekarri dau kobazulo honen barri izan ebala herritar nagusiek kontautakoari esker, baita Basañez izeneko Algortako kapitainaren 1910eko idatzi batzuen bidez be. Ondoren Unesco Katedreak lehen agiri ofiziala topau eta horrek lagundu eban proiektua bideratzen. Ganera, badirudi, urrian beteko dirala 100 urte kobazuloa zarratu zanetik.
Nire hitzak ikusi ahal izatea zoragarria da
Euskaraldiaren Euskal Herriko hamaikako bat dan Toti Martinez de Lezeak autortu dau lan hau oso berezia eta zoragarria izan dala. Bere ustez, Sorginzulo emakumeek batzeko gunea izan eitekean, euren artean berba egin ahal izateko leku atsegina, Portu Zaharratik hur, baita Bizkaia Zubitik be, marinelen eta langileen zain egozan bitartean. Hori bi aktoreakaz adierazoteko bururatu jakon bata garai horretakoa izatea eta bestea egungoa, batak besteari istorioak kontetako, gomutea eta kontetako ohiturea berreskuratuz. Gidoia egiteko enkargua eskertu dau idazleak, oso lan berezia izan dalako. Arin egin behar izan dot, euskeraz eta gazteleraz egiteko, poesia eta musikea kontuan hartuta, eta ganera nire berbak ikusi ahal izatea zoragarria da niretzat.
Sarrerak
Euskaraldia Getxo batzordeak aditzera emon dau datorren zapatuan, urriaren 20an, Punta Begoña Galerietan izango dan Euskaraldia Sorginzulon ikuskizunerako (euskeraz zein gaztelaniaz) gonbidapenak agortu egin dirala. Antolatzaileek iragarri dabe antzezpena datorren udabarrian be eskainiko dabela, eta erreserbea egin arren bertaratzeko ezintasuna izango daben lagunei jakinarazo deiela, ondoren itxarote zerrendakoei deitu ahal izateko.
Informazino gehiago: euskaraldiagetxon@gmail.com helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!