Japoniako Mangamore urriaren 12tik 14ra izango da Zornotzan

Bizkaie! 2018-10-08 13:38   Kulturea

Kontzertu bi nabarmendu behar dira: Behotsik Bilbao Orkestrarena eta Onigiri Cosplay Ani-Son Stage-rena.

Japoniako kultura eta mangea gogoko dabenak barriro be Zornotzan batuko dira urriaren 12tik 14ra. Mangamore Jaialdiaren hamabigarren edizino honetan tailerrak, musika emonaldiak, lehiaketak, bideo-olgetak, umeentzako ekintzak, etab. egongo dira.

Hainbat ekitaldi nabarmendu badaitekez be, Luna Dangelis youtuberra nabarmendu behar da; miloe eta erdi jarraitzaile baino gehiago ditu Japoniako pop kulturako gaiak lantzen dituan youtuber honek. Deiak izeneko youtuberrakaz batera (800.000 jarraitzaile), domekan 13:00ean Amorebieta IV pilotalekuan egingo dauen fan meetingean entzun ahal izango doguz. Leku berean, zapatuan, 12:30ean, Garuna Effect ikuskizun zientifikoa ikusi ahal izango da. Animeko telesailetako asmakizun eta botereak izango dira ardatz, umoreagaz eta modu didaktikoan.

Musikeak aparteko garrantzia izango dau Mangamoren; esangura horretan, jaialdiaren lehenengo egunean Behotsik Bilbao Orkestrearen kontzertua egongo da. Japoniako bideo-olgetetako abestien bersinoak entzun ahal izango dira frontoian. Beste kontzertu batzuk be egongo dira, esaterako Zwei rock talde japoniarra, Japonian hainbat animeren soinu banden egileak edo Onigiri Cosplay Ani-Son Stage.

Aisialdi elektronikoari jagokonez, aurten be, Mangamorera datozenek 80 eta 90. hamarkadako olgetakaz gozau ahal izango dabe olgeta-areto retro batean. Han egongo dira Pac-man edo Donkie Kong esaterako. Bertan gurasoak euren seme-alabakaz olgau ahal izango dabe gaztaroan egiten eben legez. Olgeten atalean, Pokemon egongo da zapatuan eta aurten Clash Royale edo Fornite torneoak nobedadea izango dira. Cosplay, karaoke, jantza eta Shogi lako olgeta tradizionalen lehiaketak be egongo dira.

Umeak egurrezko piezadun olgetakaz ibiliko dira okasinorako atondutako ludotekan. Photocall bat be egongo da Ureshi, jaialdiko maskoteagaz. Honek urtez urte erantzun handia dauka gazteen artean. Zelaietan puzgarriakaz gune bat be egongo da umeentzat eta merchandising produktuakaz hainbat saltoki.

Aurten berbaldi bat egongo da bideo-olgeten munduan emakumeek daben presentziari buruz. Gamerrak eta sektore honetan Estudio Crevice lako enpresak sortu dituen ekintzaile emakumeak egongo dira bertan. Bideo-olgeten ganeko tailerrak be egongo dira, hasierako pausuak, aurreragokoak, •3Dan personaiak diseinetan ikastekoak eta nazinoarte mailan ezagunak diran cosplayerren berbaldiak, adibidez Taifu edo PopiJack eta N-Cast euskal youtuberra; azken honek Dragon Ball-i buruz berba egingo deusku.

Umore horiko gune bat be egongo da, Japoniako programa ezagunetan egiten diran antzeko probakaz, jenteak zein parte-hartzaileek gozau deien. Zubiondo plazako gune barrian egongo da, ekialdeko janaria eskainiko daben food trucken alboan. Hemen zapatuan zein domekan sushia probau ahal izango da arratsaldeko 18:00etan.

Era berean, Zubiondoko gune barrian formatu txikiko emonaldiak egongo dira: DJ Socia Japoniako discjokeyak jarriko dauen musika elektronikoa edo Igor Cerainen piano kontzertua.

Zapatuan tren bat ibiliko da herrian zehar eta Larreako futbol zelaian egingo dan Quidditch lehiaketara eroango dau jentea egun guztian. Tanabe klubaren eskutik aikidoa lako kirolak be ikusi ahal izango dira Mangamoren.

Ganera, Crunchy Rollen eskutik hainbat proiekzino ikusi ahal izango dira Zornotza Aretoan zapatu eta domeka goizean.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu