Belako, MTV-EMA sarietarako izentau dabe
2018-10-05 11:11 MusikeaBilbon egingo dabe aurtengo sariak emoteko galea, zemendiaren 4an.
Euskal ikutua izango dau 2018ko MTV-EMA banatzeko galeak, Bilbon egingo dabe eta. Baina, horrezaz gan, Mungiako Belako taldeak be lagunduko dau ikutu hori emoten. Izan be, sari horreetako bat irabazteko hautagai dala iragarri dabe antolatzaileek.
Hain zuzen be, Espainiako artistarik onenaren kategorian da hautagai Belako. Love of Lesbian, Viva Suecia, Brisa Fenoy eta Rosalia dira atal horretan izentautako besteak. Belakok urte hasieran plazaratu eban bere hirugarren diskoa, Render Me Numb, Trivial Violence izenekoa. Mungiarren nazinoarteko ospea zabaldu dau lan barriak.
Ganerako kategorietan, artista ezagunak dagoz hautagaien artean. Besteak beste, Drake, Shawn Mendes, Ed Sheeran, 5 Seconds Of Summer, U2, Muse, Imagine Dragons eta Foo Fighters.
Kontuak kontu, Bilbo izango da MTV telebista kateak antolatutako EMA sarien egoitzea aurten. Hori bai, sariak emoteko ekitaldi nagusia Barakaldon izango da, BEC erakustazokan. Bilbon, Getxon, Durangon eta Barakaldon, ganera, musikeagaz lotutako jarduerak eta kontzertuak antolatuko ditue zemendiaren hasieran, MTV Music Week dalakoan. Horregaitik, Bizkaiko uriburua dagoeneko hasi da ekitaldi handi horretarako prestakuntzak egiten.
Nazinoartean MTV-EMA galeak izango dauen oihartzuna handia izango dan ezkero, erakunde publikoek hainbat jarduera berezi antolatu ditue. Esate baterako, Bilboko Zazpi Kaleetako metro geltokian, San Nikolaseko sarreran, erloju handia ipini dabe. Bertan agiri da zemendiaren 4ko galarako zenbat falta dan dinoan atzera kontua. Ekitaldirako hilabete bat zehatz-mehatz geratzen zala biztu eben erlojua, atzo, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!