Santurtziko XXXIX. Antzerki Jaialdian 17 ikuskizun egongo dira
2018-10-05 09:06 KultureaTartean Teatroaren Ghero, azken euskalduna dago egitarauan.
Urriaren 28tik abenduaren 1era bitartean, antzerkizaleek proposamen ugari izango ditue Santurtzin, Antzerki Jaialdiaren 39. edizinoari esker. Gehienbat, areto barruko obrak ikusi ahal izango dira, baina kaleko bi be programau ditue. Danetara, ume zein helduentzako 17 ikuskizun izango dira, ohiko antzerkitik hasi eta zirkuraino.
Lan gehienak gaztelaniazkoak izango dira, eta euskerazko apurren artean, Tartean Teatroak sortu barri dauen obrea dago, Ghero, azken euskalduna. Euskaltzaindia bera be Jokin Oregik zuzendutako antzezlan honen bultzatzaileen artean dago. Patxo Telleria da gidoigilea, eta aktoreak, honeek: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Mikel Losada, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa.
Antolatzaileen arabera, askotariko antzezlanak programau ditue, danak kalidade handikoak. Nazinoartean aurkeztutako 13 eta Claudia obrak nabarmendu ditue. Formatu handikoak be sartu ditue programazinoan, esate baterako, Juntos eta Meridako jaialdian aurkeztutako Nerón. EIA taldearen InTarsi zirku formatukoa izango da.
Kaleko antzerkiari jagokonez, aurtengo edizinoan obra bi sartu ditue egitarauan: Lucchettino talde italiarraren Magos por una noche eta Dimitri Handiaren The great circus. Mendizabal plazan izango dira kaleko ikuskizunak. Ganerakoak, ostera, Serantes Aretoan.
Egitarau osoa, hemen.
Obra bakotxa ikusteko sarrerak 4 eta 20 euro artean ipini ditue salgai. Ganera, areto barruko saioak ikusteko abonua be eskuragarri dago, 125 euroan. Umeentzako obrak eta euskerazkoak abonutik kanpo dagoz. Serantes Kultur Aretoko bazkideek prezio merkeagoak izango ditue.
Beste alde batetik, Santurtziko XXXIX. Antzerki Jaialdia aprobetxauta, SAREA Euskadiko Antzokien Sareak urteko batzar nagusia egingo dabe, zemendiaren 29an. Aretoetako zuzendari eta programtzaileak batuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!