XIII. Punta Galea Challengerako denpora sasoia zabalik urriaren 15etik martiaren 31ra

Bizkaie! 2018-10-04 08:06   Kulturea

Denpora sasoian egun egokiena topetea da kontua, indar handiko olatuak, 5-7 metro arteko altuerakoak.

Imanol Landa alkateak, antolatzaile eta babesleek gaur goizean prentsaurrekoan jakitera emon dabenez, Igaz, Nazinoarteko Ligatik urten eta txapelketearen lehenengo urteetako espiritua berreskuratzeko erabagia hartu ondoren, kirolarien eta publikoaren aldetik izandako erantzun bikainaren ondoren, aurten, beste behin, modalidadeko surflari onenek parte hartuko dabe, bertakoek nahiz nazinoartekoek.

Txapelketeak Nazinoarteko Surf Ligatik jasotako formatuari eutsiko deutso, txapelketako zuzendari teknikoa dan Jokin Arroyok aitatu dauenez, Punta Galeak helburu bat bitauka, bertako surfa hobetu, erakusleiho izan eta indartu. Gauzak holan dirala, hasieratik 24 surflarik, horreen erdiak euskaldunak, hartuko dabe parte, 4 ekitalditan banatuta, eta onenak finalerdietara eta finalera igaroko dira. Getxoko txapelketara segurutik etorriko diran faboritoen artean, honako rider handiak dagoz: Hego Afrikako Twiggy Baker, AEBetako Nic Lamb (txapelduna azken bi edizinotan), Australiako Jamie Mitchell eta Natxo González euskal surflaria. Plentziko surflariarentzat Galeakoa txapelketa oso berezia da: Uste dot aurten, alisioak eta haizeak sartuta dagozan moduan, aukera handiak dagozala Galean aurtengo txapelketea sekulakoa izan daiten, aurreikusi dau.

Antolakuntzearen barruan, Getxo Surf kluba, Euskal Herriko Surf Federazinoa eta Getxo Kirolak dagoz, eta horreen helburua da txapelketea jokatzeko denpora sasoian egun egokiena topetea, hau da, indar handiko olatuak eta 5-7 metro arteko altuerakoak. Egunean, 24 lehiakidek 18.000 € jokatuko ditue saritan, igazko kopuruaren bikotxa, baita Europako olatu handien txapelketa ospetsuenaren eta urtetsuenaren palmaresean sartzeko ohorea be.

Aurreko urteetan legez, segurtasun-dispositiboari eta dei alertei eutsiko jeke olatuen iragarpenak baldintza egokiak aurreikusten dituanean. Holan, alerta horia ezagutzera emongo da 5 egun lehenago eta esperotako alerta berdea ekitaldia baino 3 egun lehenago. Eguna datorrenean, Getxo Kirolak-ek publikoaren esku jarriko dau Bidezabaleko metro-geltokia Galeagaz lotzeko autobusa.


Surfa, ekonomia sortzeko aukera-eremua

Getxoko alkateak nabarmendu dau Udala (Sustapen Ekonomikoaren, Kultura Gelearen eta Getxo Kirolak-en bitartez) egiten dagoan lana, Punta Galea Challenge-k, ekitaldiaren egunaz harago, presentzia izan daian urteko ganerako egunetan eta surfa kirolaren, kulturearen eta ekonomiaren ikuspegitik sustatzen lagundu deian. Kontuan hartuta lehiaketearen ospea eta Getxok eta Uribe Kostak daben posizionamendu ona kirolari jagokonean, erakundeak eta sektoreko agente guztiak horretan arreta jarten dabiz ekonomia sortzeko aukera moduan', baramendu dau Landak.

Horren harira, gaur Punta Begoñan ikus daitekeen erakusketea, Punta Galea Challengeri buruzko argazki eta surf-ohol erakusketea, jarduera-programa baten luzapena da. Programa horren helburua da gorantz doan sektorea, gure udalerrian hain sustraitua dagoan surfa, bultzatzea. Jarduera-programearen barri emongo da zehaztuta dagoanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu