Parte-hartzaile gehiagori lekua egingo deutse Xilabak
2018-10-03 09:08 BertsolaritzeaLapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko txapelketea taldekakoa izango danez, bertsolari barriek emon dabe izena.
Urriaren 12an hasiko da, Gameren, 2018ko Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketea. Aurtengo nobedadea da taldekakoa izango dala, orain dala aste batzuk antolatzaileek aurreratu ebenez. Orain, txapelketearen nondik norakoak azaltzeko egindako agerraldian, erabagi horren arrazoiak eta onurak aitatu ditu Xumai Murua bertsolari eta Bertsularien Lagunak alkarteko kideak.
Lehenik eta behin, parte-hartzaile barriak erakartea da Xilaba taldeka egitearen arrazoia. Bakarkakoetan, beti bertsolari berberak agertzen zirala ikusi eben, eta beste batzuei aukerea emon nahi izan deutsie, taldearen babesean errazagoa dalako pausua egitea. Badirudi antolatzaileen asmoa bete dala, aurten 40 bertsolarik emon dabelako izena, kopuru ederra. Horreetatik hogeik, erdiek, lehenengo aldiz kantauko dabe Xilaban.
Hamaika taldetan emon dabe izena parte-hartzaileek. Beste herrialde batzuetan azkenaldion martxan jarri diran taldekako txapelketetan legez, Xilaban be giro informalera joko dabe. Ganera, saioak herrietako areto txikietan egingo ditue. Era horretara, bertsolariak erosoago ibiliko dira, batez be barriak. Bakarkako txapelketetara salto egiteko zubilana egingo dabe saio honeek. Puntuazinoak eta sailkapenak egon, egongo dira, halandabe.
Jatorriari jagokonez be, pozik egoteko moduan dagoz antolatzaileak. Hamaika taldeetatik zazpi Lapurdikoak dira, baina horko hainbat eskualdetakoak. Zuberoako talde bat eta Nafarroa Behereko beste hiru be badagoz. Hortaz, Ipar Euskal Herri guztiak ordezkaritzea izango dauela esan leiteke. Horreek taldeak, ganera, lekuan lekuan bertsolaritzearen eragile bihutzea espero dabe antolatzaileek.
Hiru moltsotan banatuko ditue taldeak. Saio bakotxean, moltso bereko hiru talde egongo dira, baina bakotxak modu baten parte hartuko dau: Lehiaketan, epaile, antolakuntzan... Holan, talde guztiek danetariko zereginak beteko ditue, txandaka.
Lau talde pasauko dira finalaurrekoetara. Finala, ostera, abenduaren 1ean jokatuko da, Baigorrin. Talde eta saio guztien informazinoa, hemen.
Honenbestez, urriaren 12an hasiko da Xilabaren historian fase barri bat, taldekakoa hain zuzen. Ipar Euskal Herriko bertsolaririk onenak beste giro baten entzuteko aukerea izango dau publikoak, bertsolari barriak oholtzan lehenengoz ikusteaz gan. Dana dala, ohiko banakako Xilaba ez dabe baztertu antolatzaileek: Hurrengo edizinoa barriro izango da bakarkakoa eta formatu biak txandakatzea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!