Katalunia, Kornualles, Palestina eta Euskal Herriko taldeak Musika Bizian jaialdian

Dabi Piedra 2018-10-02 13:17   Musikea

Estadu bako nazinoetako taldeen erdigune izango da Galdakao hilaren 26 eta 27an.

Ibon Uribe, Jon Gomez Garai, Xabi Aburruzaga eta Lorea Bilbao, Bilboko Euskal Museoan egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Andra Mari jantza taldeak Musika Bizian jaialdiaren bosgarren edizinoa antolatu dau, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Urriaren 26an eta 27an ipini dabe hitzordua, Iturrondo plazako karpan, eta kontzertu guztiak dobakoak izango dira.

Berezitasun bat dauka Musika Bizian jaialdiak: Parte-hartzaile guztiak estadurik bako nazinoetakoak dira. Era horretako jaialdi bakarra da Euskal Herrian. Aurten, bost talde konbidau ditue. Kataluniako Els Groullers eta Euskal Herriko Xabi Aburruzaga barikuan, hilak 26, helduko dira Galdakaora. Kornuallesko Flats & Sharps, Palestinako 47 Soul eta Euskal Herriko Esne Beltza, ostera, zapatuan entzun ahal izango doguz.

Jon Gomez Garai Andra Mari taldeko kidearen esanetan, Xabi Aburruzagak aspalditik izan dau loturea Musika Bizian jaialdiagaz. Hasieran, entzule; gero, atzerritik etorritako artisten laguntzaile. Hortaz, aurten bere kantak oholtzan aurkezteko aukerea emon deutsie. Aburruzagak berak baieztau dau lotura estua daukala Galdakaogaz: Quebec-eko Yves Lambert musikariaren taldean ibili zan igazko edizinoan eta, ondorioz, bien arteko alkarlana sortu da. Aburruzagak laster plazaratuko dauen diskoko kolaboratzaile da Lambert.

Kataluniako Els Groullers taldeari jagokonez, Jon Gomez Garaik azaldu dau kalean ibiltetik datozan musikariak dirala, kaleko musikarik oholtzara egin dabe salto. Horrek freskotasuna emoten deutse euren musikeari. Kornuallesko Flats & Sharps, ostera, talde apur bat zoroa dala adierazo dau Gomez Garaik.

Palestinako talde bat Galdakaora ekarteko asmoa aspalditik euki dabe Andra Marikoek, eta aurten lortu dabe. Frantzian biran dabil 47 Soul, eta horri esker errazago egin jake antolatzaileei. Ganera, Palestinagaz hartu-emona dauen Esne Beltzaren aurretik joko dabe.

47 Soul talde palestinarra

Kontzertuak 21:00etan hasiko dira, barikuan zein zapatuan. Dana dala, herriko giroa berotzeko, iluntzean be musikea egongo da kalerik kale. Barikuan Taberna Ibiltariak alaituko dau herria; zapatuan, Marmara Musik banda galdakaoztarrak. Bestetik, luthier erakustaldia egongo da.

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduaren arabera, bertokoa eta kanpokoa buztartzea da jaialdi honen ezaugarri positiboetako bat. Gurea indarrean jarri, baina besteena be hartu behar da, azaldu dau. Ibon Uribe Galdakaoko alkateak be hori azpimarratu dau. Horregaitik, orain dala bost urte Andra Marikoen proposamena jaso ebenean, Udaletik babesa emotea erabagi eben. Apal-apal hasi zan jaialdia, baina handitzen eta zabaltzen doa, aitatu dau Uribek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu