'The Paname Papers', Jon Urrutia Trioren lan barria

Bizkaie! 2018-09-27 10:28   Musikea

Jazz estiloan oinarritutako bederatzi pieza dakarz diskoak.

Jon Urrutia piano jole, konpositore eta pedagogoak eskarmentu handiko kide bi izan ditu proiektu honetan, Damien Varaillon (kontrabaxua) eta Stephane Adsuar (bateria). Hiruren arteko alkarlanetik sortu da The Paname Papers diskoa, Gaztelupeko Hotsak eta Errabal Jazz zigiluen eskutik plazaratua.

Jazzaren ondarea bere estilora egokitu dau Jon Urrutiak, Errabal Jazz-ekoen arabera inor epel itxiko ez dauen diskoan. Bederatzi pieza grabau ditu hirukoteak lan honetarako, eta horreetako batek, The Paname Papers dalakoak, emoten deutso izena bilduma osoari. Frantziako administrazinoak herritarrei ipinten deutsezen zailtasunetan oinarrituta sortu dau pieza hori.

Izan be, Jon Urrutia Parisen bizi da azken urteotan, eta hantxe grabau dabe diskoa. Konposizino guztiak Urrutiarenak berarenak dira. Alkarren atzean ipinitako forogramakaz konparau ditu artisteak diskoko piezak, sekuentzia bat osotuten dabenak.

Jon Urrutia Triok Parisen bertan joko dau The Paname Papers aurkezteko lehenengo kontzertua, Sunset Sunside aretoan, zemendian. Ondoren, Gasteizko Guridi konserbatorioan izango da hirukotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu