Ikasleentzako 10 tailer izango dira Ikasle Egunean
2018-09-25 12:12 azokakTailerretan izena emoteko epea urriaren 1etik 15era egongo da zabalik.
Azken urteetan legez, Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleek diziplina anitzetako hainbat tailerratan ikasteko eta gozetako aukerea izango dabe Durangoko Azokan, Ikasle Egunaren barruan. Modu honetan, ume eta gaztetxuek literaturea, musikea, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta, oro har, sorkuntzearen mundura hurreratu ahal izango dabe.
Danetara, 10 tailer izango dira abenduaren 5ean ospatuko dan Ikasle Egunean, eta Azokako zortzi guneez gan, Durangoko liburutegian, eta Arte eta Historia Museoan izango dira jarduerak.
Tailerretan izena emoteko epea datorren astelehenean, urriaren 1ean, zabalduko da eta urriaren 15era bitartean emon ahal izango dabe izena ikastetxe eta hezkuntza-zentroek. Izena emoteko webgunean erregistrau beharko da (aurreko urteetan izena emon ez bada) eta, ondoren, tailerra aukeratu. Lekuen esleipena zozketa bidez egingo da eta e-postaz jakinarazoko jake izena emon daben guztiei.
Honakoak izango dira Ikasle Egunerako antolatutako tailerrak:
- Musika elektronikoaren produkzinoa: Lekua: Ahotsenea Barriketaldiak. Ordua: 12:00etan. Edade tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 25.
Telmo Trenor musika elektronikoko produktore donostiarra gaur egun Euskal Herrian asko hazten dagoan musika barritzaile honen sortze prozesuaz egingo dau berba, baita erabilten dituan gailuez be.
- Gaur egungo testuak: Lekua: Ahotsenea Barriketaldiak. Ordua: 11:00etan. Edade tartea: DBH 3-4. Iraupena: 45 minutu. Partaide kopurua: 15. Yurre Ugarte idazleak idazketa eta irakurketeari buruz bideratuko dau tailerra, gaur egungo ohiturek eta teknologia barriek emoten deuskuen ikuspegi desbardinetatik abiatuz.
- Liburu bat egingo dut: Lekua: Areto Nagusia. Ordua: saio bi, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean. Edade tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 25. Maite Mutiberriaren eskutik liburu bat zelan egiten dan eta editorearen lanbidea ezagutuko dabe ikasleek.
- Poropopoesia: Lekua: Saguganbara. Ordua: saio bi, bata 10:30ean eta bestea 12:30ean. Edade tartea: LH 4, 5 eta 6. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 15. Poesiagaz olgauko dabe umeek sormen prozesuak edegiz. Helburuak dira; batetik, ume eta gazteen irakurzaletasuna bultzatu; eta bestetik, poesiak sor leiken plazerra ezagutarazo. Poesia ulertzeko eta ezagutzeko autore eta poesia mueta desbardinak aurkeztuko jakez ikasleei.
- Grabaduagaz olgau eta ilustrau. Lekua: Durangoko Arte eta Historia Museoa. Ordua: hiru saio 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean. Edade tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 20. Antxinatik ilustrau izan dira liburuak, baina inprentearen asmakuntzeagaz etorri zan benetako iraultzea. Grabaduen teknikea izan zan ohikoena. Museoan ikusgai izango dan erakusketan hainbat grabadu ikusi ahal izango ditue gaztetxuek. Horrezaz gain, Irati Eguren ilustratzaileak grabaduaren teknikara hurreratzeko saiakerea egingo dau eskuzko monotipoaren teknikearen bitartez. Teknikea azaldu eta testua eskuartean dabenean ilustrazinoa egiten hasiko dira ikasleak.
- Soinu efektuak zinemagintzan: Lekua: Irudienea. Ordua: saio bi, bata 10:00etan eta bestea 13:30ean. Edade tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 150 minutu. Partaide kopurua: 20. Oso gitxitan erreparetan deutsagu soinu banda bat osotzen daben soinu guztiei. Horregaitik tailer honetan ez dabe pelikula bat entzuten ikasiko ze zinema sekuentzia baten soinu bandea alkarregaz sortuko dabe ikasleek.
- Heldu programazinoari: Lekua: Kabi@. Ordua: saio bi, bata 10:30ean eta bestea 12:30ean. Edade tartea: LH 5-6. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 20.
Programazinoaren oinarrizko kontzeptuak landu geinkez ordenagailurik barik. Horretarako, pieza batzuk daukaguz agindu segidak egiteko. Ariketa batzuen bidez, agindu segidez gan, begiztak eta baldintzak be landu daitekez. Ariketetan hasierako kontzeptuak lantzeko labirintoak erabilten dira eta, ondoren, irudi geometrikoak. Beraz, matematiketako hainbat kontzeptu be landuko dira.
- Szenatokia antzokia zirrikituz zirrikitu: Lekua: Szenatokia (San Agustin kultur gunean). Ordua: hiru saio, 11:00, 12:00 eta 13:00ean. Edade tartea: DBH 1-2. Iraupena: 60 minutu. Partaide kopurua: 40. San Agustin kultur guneko zirrikituak ezagutzeko aukera aparta izango da. Horrezaz gan, antzerki obra baten atzealdea edo barrualdea ikusi eta ezagutu ahal izango dabe gaztetxuek.
- Euskal kantagintzea kontzertuan: Lekua: Plateruena. Ordua: saio bi, 11:00 eta 12:00etan. Edade tartea: Batxilergoa eta erdi mailako zikloak. Iraupena: 45 minutu. Partaide kopurua: 30. Betiko euskal kanta eta garaikideen transmisinoa helburu dauen kontzertua izango da honakoa.
- Estanpazino tailerra / Zigiluen sorkuntzea: Lekua: Bizenta Mogel liburutegia. Ordua: 11:30ean. Edade tartea: DBH 1, 2, 3 eta 4. Iraupena: 90 minutu. Partaide kopurua: 25. Lantegi honetan estanpazinoaren munduan sartuko dira ikasleak eta ipuin bat sortuko dabe inprimategi zahar batean egongo balira legez. Material desbardinak eta tinta bereziak erabiliz, mueta askotako zigiluak eta irudi eta testuak estanpauko ditue. Eta prozesua modu osoan ulertu deien, umeek euren zigilu propioa sortuko dabe.
Informazino gehiago nahi izan ezkero edo dudaren bat argitzeko, ikasleak@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 673 005 981 zenbakira deitu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!