1000 artista baino gehiago Fair Saturday ekimenari hasierea emoteko
2018-09-20 10:30 KultureaFair Saturday 2018 edegiera ekitaldia zemendiaren 23an, barikuan, Bilbao Arena pabilioian izango da.
Fair Saturday 2018 edegiera ekitaldia zemendiaren 23an, barikuan, gaueko 20:00etan Bilbao Arena pabilioian izango da, beste hainbat herritan Fair Saturday mobimentuaren barruan izango diran ekitaldiakaz bat eginez. Bilbon 2014an jaio eta ordutik munduan zehar zabaldu da. Ikuskizunak Londresen ospatutako BBC-ren Proms-en azken gaua eredutzat hartzen dau, baina Bizkaian egina, kulturako 20 erakunde baino gehiagok parte hartuz eta Fair Saturdayk munduan dituan egoitza ofizialakaz loturak sortuz. Benito Lertxundik artista gonbidadu legez hartuko dau parte, bere kanturik ezagunenak ekitaldiko artistakaz batera abestuz.
Londresen ospatutako BBC-ren Proms-en azken gaua eredutzat harturik, ikuskizunak edade guztietako personei zuzendutako ospakizun kultural herrikoia izatea dau helburu. Ganera, ikuskizunean parte hartuko daben erakundeak bizkaitarrak eta bilbotarrak dira. Bilboko Koral Alkartea, Rossini Abesbatza eta EHU Abesbatza izango dira talde nagusiak, Bilboko Udal Musika Bandeagaz batera. José R. Pascual-Vilaplanaren agindupean joko dabe gau horretan.
Eurekaz batera, BAE-ren (Bizkaiko Abesbatza Alkartea) eta antolatzaileen gonbidapena jazo eta erantzuna emon eutsen Bizkaiko hainbat abesbatzek hartuko dabe parte. Horrezaz gan, Bizkaiko ehundaka neska mutilek edegiera ekitaldi horreetan parte hartuko dabe: Bilboko Koral Alkartea, Bilbao Musikako Gazte Abesbatza, Gazte Schola Barakaldo eta beste hainbat ikastetxetako abesbatzei esker. Danetara, 1.000 personek ikuskizun parebakoa sortuko dabe, abesti herrikoiak eta ezagunak abestuz, besteak beste, Itoizen Lau teilatu, Carmina Buranako Oh Fortuna, We are the world, Nabuccoren Va pensiero baita musikaldi, opera, pop eta hots banda ezagunen abesti gehiago bere.
Ekitaldian Benito Lertxundik gonbidatu berezi legez parte hartuko dau, bere abesti ezagunenak Bilboko Udal Musika Banda eta abesbatza parte-hartzaileakaz batera abestuz. Marta Ubieta soprano bilbotarrak eta ELEY pop taldeak be parte hartuko dabe. Hau guztia holograma eta videomapping efektuak dituan ikus-entzunezko ikuskizun bategaz etorriko da, Necsum, Erandioko ikuz-entzunezko ikuskizun artistikoen sorkuntzan liderra dan enpreseari esker.
Ikuskizunaren bidez lortutako etekin guztiak, izatekotan, Fair Saturday-k bultzatutako Barrera Ikusezinak mikromezenazgo programea finantzietako erabiliko dira. Barrera Ikusezinak baztertutako umeen integrazinoa kulturearen bitartez lortzea dau helburu eta gaur egun 15 ume inguru dira programa honen parte. Ganera abesbatza guztiek eurek hautatutako proiektu sozial bat lagunduko dabe.
Azken buruan, ikuskizunak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka. Ganera, Petronorren 50. urteurrenaren ospakizunetako bat izango da. Horrezaz gan, ikuskizun hau Seguros Bilbao, Laboral Kutxa eta Necsum Technology for Emotion enpresei esker etorriko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!