Ángel Bados eskultoreari emon deutsie Arte Plastikoen Sari Nazionala
2018-09-20 09:30 KultureaEHUren Arte Eder Fakultadeko irakasle erretiratua be bada artista nafarra.
2018ko Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala emon deutso Kultura Ministerioak Ángel Bados nafarrari, eskulturan eta sorkuntzan egindako ekarpenagaitik. Honeek egon dira epaimahaian: Angela de la Cruz artistea (igazko irabazlea), Estrella de Diego Arte Garaikideko katedratikoa, Blanca de la Torre komisarioa eta Karin Ohlenschlager Laboral Arte eta Sorkuntza Industrialeko Zentzoko ekimenen zuzendaria.
Ángel Badosek (Olazti, 1945), lotura estua dau EHUren Arte Eder Fakultadeagaz, Leioako campusean luzaroan lan egin eban, erretirau arte. Donostiako Artelekun be, eskulturen arloko ikastaroen bultzatzaile izan zan 1990eko hamarkadan. Euskal artearen belaunaldi askoren irakasle eta eredu izan da Bados. Itziar Okariz, Jon Mikel Euba, Ana Laura Aláez, Sergio Prego... haren klaseetatik pasau ziran gaztetan.
Tailerrean zein irakaskuntzan, zaletasunak bultzatuta egin dau lan beti Badosek, EHUri egindako adierazpenetan azaldu dauenez. Ez neban autortzarik espero, artean inoz ez dozu itxaroten dozuna eskuratzen, eta kanpokoek onetsiko deutsuezala lorpenak pentsatzen dozu. Kontraesana da, batez be behin edo behin Gure Artea sarietarako proponidu nabenean, uko egin dodanean, lan egiteko denpora gehiago eskatzen nebalako, ganeratu dau artista nafarrak.
Sorkuntzea eta irakaskuntzea buztartu dituan ibilbide luze bari emondako saria da, honenbestez, Arte Plastikoen Sari Nazionala. Ministerioak 3.000 euro emongo deutsaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!