'Black is Beltza'-ren soinu bandea, kalean

Bizkaie! 2018-09-20 08:15   Musikea

Animazinozko filmean entzun leitekezan kantak disko baten plazaratu ditu Fermin Muguruzak.

Donostian aurkeztu dau diskoa Fermin Muguruzak | Ikusi handiago | Argazki originala

Fermin Muguruzak orain dala urte batzuk martxan jarritako Black is Beltza proiektua gero eta aberatsagoa da. Elebarri grafikoa plazaratu eben lehenengo, 2014an, Jorge Alderete eta Harkaitz Cano lagun. Erakusketak be egin izan ditue. Oraintsu, animazinozko pelikulea aurkeztu dabe, eta Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango da. Oraingoan, ostera, filmean entzuten diran doinuen bildumea heldu da zaleen eskuetara, Elkar eta Talka etxeek argitaratua.

New Yorken kokatuta dago pelikulako istorioa, 1960ko hamarkadako baltzen askatasunen aldeko protesten giroan. Baina Fermin Muguruzak diskoaren aurkezpenean azaldu dauenez, estilo eta herrialde ugaritako doinuak entzun leitekez, aniztasun handiko lana da. Manex Unanue protagonisteak istorioan egiten dauen bidaiearen erakusgarri dira aukeratutako piezak.

Batetik, artista amerikar ezagunen kantak dagoz: The Velvelettes eta Ottis Redding (haren Respect abestiaren Errespetua euskerazko bersinoa, zehatz esanda, Negu Gorriak-ek egina). Bestetik, beste herrialde batzuetakoak be badagoz: Algeria, Euskal Herria...

Diskoa sortzeko orduan, Fermin Muguruzak Raül Fernández Refree katalanaren laguntzinoa izan dau, pieza batzuk sortzeko orduan eta produkzinoan. Ganera, kolaboratzaile ezagunek hartu dabe parte proiektuan: Anari, Maika Makovski, The Sey Sisters, Manu Chao, Rosalia eta abarren ekarpenak entzun leitekez.

Black is Beltza diskoa bidaia musikala dala dinoe sortzaileek, filmeko giro-musikatik abiatuta eta musikearen historiako pieza ezagunetaraino. Estadu Batuak oinarri, baina leku batetik bestera salto eginaz, Kuban, Mexikon, Kanadan... Muguruzaren proiektuetan ohikoa dan legez, ondare musikal zabala batzen dau Black is Beltza-k.

Diskoaren oinarri dan filma Toronton ikusi ahal izan zan orain dala aste batzuk, baina publiko guztiarentzako estreinaldia Donostiako Zinemaldian egingo dau Muguruzak, datorren astean. Zinema-aretoetara urriaren 5ean helduko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu