Emakumeak eta hip-hopa ardatz Bazterfest #4-n

Bizkaie! 2018-09-19 13:29   Musikea

Hilaren 22an egingo dabe jaialdia, Bilbon.

Goizean goizetik gauera bitartean, Bilboko Arenaleko kioskoa hartuko dau Bazterfest #4 jaialdiak. Ardatz nagusi bi izango ditu ekimen horrek: hip hop estiloko musikea eta emakumeak. Hartara, tailer eta kontzertuz betetako egitarauan emakumezko artistak dira jaun eta jaube. Izan be, hip-hopa eremu maskulinoa izan da eta egoera horri bueltea emoteko lanean dabizanak ikusgai bihurtu nahi ditue.

Eskina Femenina taldeak eta Bilboko Udalak antolatutako jaialdi honen helburua, emakume musikagileen lana zabaltzeaz gan, Ibaiondo barrutiari bizia emotea da. Uriko parte zaharra eta inguruko beste auzo batzuk hartzen dituan barruti horretan kulturearen eta gizartearen arloko kolektibo ugari dagoz eta hareen lana autortu eta ezagutuarazo gura dabe antolatzaileek.

Kontuak kontu, zapatu goizean hiru tailer egongo dira, dancehall, horma-irudiak eta boxeoa lantzeko. Horrezaz gan, 13:00etan hasita, kontzertu ugari programau ditue, bertoko zein kanpoko artisten eskutik, Hip Hop Non Stop izenburupean. Aiama, Herbalist Fyah, Mad Muasel, Kenna, KT Gorique... dagoz zerrendan eta DJ S.One-k biribilduko dau eguna.

Danetara, zortzi ordu inguruko egitarau etenbakoa izango da. Aurreko edizinoen aldean, agertokia da nobedadea. Jaialdia Arenaleko kioskora aldatuta, Bazterfest #4 kalera atera nahi dabe, herritar guztien eskura egon daiten. Kontzertuak doban dira.

Egitarauaren bideoa ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu